Geure burua ezagutarazteko

Aurkezpen txartelak tresna baliagarriak dira bezero edo lankide artean geure burua ezagutzera emateko. Txartel gehienetan, gure izena, gure lanbidea eta gurekin harremanetan jartzeko moduak agertzen dira, eta eskaintzen dituzten abantailetako bat zera da, aldean eramatea erraza dela eta jendearen artean partitzea ere bai.

Curriculum vitae delakoa izaten da, gehienetan, lana bilatu nahi duenak erabiltzen duen lehen aurkezpen sistema. Sarean arakatuz gero, ezin konta ahala dira CV egoki eta eraginkor bat nola sortu behar den azaltzen duten webguneak. Gure curriculuma hutsetik idazten hasi beharrean, sarean hainbat txantiloi eta aplikazio eskaintzen zaizkigu. Europass deitzen zaion eredu europar bat ere bada; web helbide honetatik har daiteke: http://bit.ly/8GJb2Y. Webgune horretatik aplikazio bat har daiteke, eta hori erabiliz pausoz pauso curriculuma osatu eta amaitutakoan, PDF edo Microsoft Word formatuetara esporta daiteke.

Web 2.0 esaten diogunaren barruan, zerbitzu interesgarri mordoa eskaintzen zaigu, eta norbera aurkezteko tenorean gure on line curriculuma osatzeko aukera ematen digun About.me zerbitzua aipatuko dugu hemen.

‘About.me’

About.me 2010. urteko abenduan sortutako zerbitzu bat da, eta, izan zezakeen arrakasta ikusita, AOL Inc. enpresak erosi zuen aurkeztu eta egun gutxira. Laburbilduz, gure soslai edo profila osatzeko aukera ematen digun aplikazio bat da About.me, eta, bertan, gure blog, sare sozial eta web orri pertsonalak bildu ditzakegu. Aplikazioak eskaintzen duen interfaze errazarekin, on line aurkezpen txartel bat osatzeko moduan izango gara minutu batzuetan.

About.me erabiltzeko, lehenengo eta behin, kontu bat sortu beharko dugu bertan. Horretarako, https:// about.me/ helbidera jo, eta gure posta helbidea eta nahi dugun pasahitza jarriko ditugu kontua sortzeko. Gure txartelak izango duen helbidea ere aukeratu beharko dugu, horrelako zerbait: http://about.me/zureizena. Izen-deiturak edo ezizena erabil daiteke gure aurkezpen helbidea izango dena osatzeko, eta, txartelaren itxura garrantzitsua den bezala, hemen ere izen txukuna hautatzea garrantzitsua da.

Gure soslaia osatuko duten argazki, izen-deitura eta biografia ere sartuko ditugu jarraian. Biografian, hitz gutxitan, gure zaletasun, abilezia eta interesen berri emango dugu. Etiketa bidez ere, gure soslaia hitz gutxi batzuekin osatu ahal izango dugu. Bilaketetan erabiliko dira etiketa horiek; beraz, gure jarduera identifika dezaketen hitzak hautatu beharko ditugu etiketa gisa.

Gure txarteleko oinarrizko datuak osatuta, itxura pertsonalizatzeari ekin diezaiokegu. Txartelaren atzeko irudia, letra tamaina, tipografia, koloreak eta gardentasuna dira gure gustura molda ditzakegun hainbat xehetasun.

Amaitzeko, erabiltzen ditugun sare sozial, blog edo orri pertsonalekin konektatuko dugu gure txartela. Geure balizko bezeroei gurekin harremanetan jartzeko beste bide batzuk eskainiko dizkiegu, dela posta elektronikoz, dela Twitter, Facebook edo Flickr erabiliz. Modu lehenetsian, hogei zerbitzutik gora eskaintzen zaizkigu, eta gure URL edo helbide propioak sartzeko modua ere badago. Inspirazioak huts egiten badigu, hainbat pertsonak osatutako txartel ikusgarriak eskaintzen dira About.me webgunearen barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>