Audio Formatuak

audioa3Ez da lehenengo aldia Zibergelan multimedia formatuen gaia agertzen denik, aurreko ale batean ere irudien formatuei buruzko gaia jorratu zen, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/27/irudi-formatuak/. Kasu horretan irudien formatuena gai nagusia izan bazen, oraingo honetan audio formatu ezberdinak aipatuko dira.

MP3

Audio formatuak aipatzen direnean, ordenagailuan edo edozein gailu digitaletan musika entzuten duen edozein erabiltzaileri MP3 etorriko zaio burura. Izan ere, formatu hau, audio formatuen artean ezagunenetarikoa da. MP3 bezala ezagunagoa bada ere, bere izen teknikoa MPEG-1 Audio Layer III da. Formatu honek audio fitxategiak konprimitzea ahalbidetzen du, kalitate galera ekartzen badu ere.

Moving Picture Experts Group-ek (MPEG) sortu zuen bideo-formatuan audioa kodifikatzeko 1995ean. Garai horretan, formatu honek ospe handia lortu zuen eta azkar hedatu zen, batez ere, Internet erabiltzaileen artean. Izan ere, hain konpresio handiari esker audio-fitxategien trukea Interneten bidez egitea ahalbidetu zuelako. Adibide gisa, konprimitu gabeko abesti batek 56 MB baditu, 5 MB baino gutxiagoko tamaina izan lezake formatu honen bidez konprimitu ostean. Hala bada, Interneteko banda zabala gaur egun bezain hedatuta ez zegoenean, Interneten bidez audio-fitxategiak trukatzeko bide bakarra bihurtu zen, pazientzia edo burua galdu gabe, behintzat.

Bistan denez, MP3 formatuak hamar aldiz baino gehiago konprimi lezake audio fitxategi bat, informazio galera ekartzen badu ere, kalitate maila handiari eusteko gauza da algoritmoa. “Trukua” giza belarriak entzuten ez duen informazioa kentzea da, hau da, giza belarriak entzuten ez dituen frekuentzietako uhinen informazioa. Dena dela, kalitate-galera handiagoa edo txikiagoa izango da konprimitzeko aukeratzen den kalitate-mailaren arabera.

Gaur egun, Interneten ez ezik, musika entzuteko gailu guztietan ere oso erabilia da MP3 formatua. Hain zuzen ere, audio-formatu hau erabiliena da oraindik. Hala ere, konpresio-gaitasun berberarekin kalitate berdina edo handiagoa eskaintzen duten beste formatu batzuk ere aurkitu daitezke gaur egun, adibidez, Windows Media Audio eta Ogg Vorbis;

OGG

Ogg, adibidez, ez dauka patenterik, audio-formatu libre bat da. Formatu honetako fitxategiei .ogg fitxategi-luzapena ematen zaie, eta Ogg proiektu multimediaren barnean dago, non audio eta bideo formatuak biltzen diren.

Malgutasun handia dago kalitate ezberdinetan konprimitzeko, mp3 formatuaren kasuaren antzera. Adibidez, konpresio-maila baxua aukeratuz gero musika fitxategi bat kalitate handian gorde daiteke, eta, hainbesteko kalitaterik behar ez duen telefono bidezko elkarrizketa bat asko konprimitu daiteke konpresio-maila handituz.

WMA

Berdin gertatzen da Windows Media Audio-rekin ere, nahiz eta dagoeneko galerarik gabe konprimitzeko aukera garatu duten. Formatu honen jabetza Microsoftek du, eta, Ogg Vorbis-ek ez bezala, audio-fitxategien erabilera mugatzeko bide bat eskaintzen du. Hau da, sistema batean sortutako audioa beste sistemetan erabiltzea galarazteko aukera ematen du.

WAV

Wave Audio Format, aurrekoak ez bezala, konpresiorik gabeko formatua da. WAV izenarekin da ezagunagoa, hori delako formatu honi dagokion fitxategi-luzapena. Konpresiorik gabeko audio-formatua denez, ez du kalitate-galerarik, baina mota honetako audio-fitxategiek tamaina handia izaten dute. Abesti arrunt batek ia 50 MB izan dezake, esaterako. Grabaketa-minutu bakoitzeko, 5 megabyte inguru behar du. Horrez gain, tamainaren aldetik muga bat dauka: 4 gigabyte baino handiagoko audiorik ezin da gorde; 6 ordu eta erdi inguru, alegia. WAV formatuaren jabetza Microsoft eta IBMrena da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>