Teklen garrantzia

Blackberry smartphone edo telefono adimenduak, mundu guztiaren ahotan egon ziren orain dela aste batzuk. Telefono horiek erabiltzen dituzten zerbitzarietan jazotako arazo batek, hain zuzen, Internet eta posta zerbitzu gabe utzi zituen gailu hauen erabiltzaileak hiru egunez.

Blackberry, Research In Motion (RIM) enpresa kanadarrak ekoizten dituen telefonoak dira. 1999. urtean hasi ziren merkaturatzen teklatu fisiko osoak dituzten terminalak, eta hori da erabiltzaileari eskaintzen dion berezitasunik nabarmenena, qwerty teklatua. Letra guztiak eskaintzen dituen teklatua, ingelesez qwerty esaten diotena. Teklatu batean lehen ilaran dauden lehen sei letrek osatzen dute «qwerty» hitza, eta horregatik erabiltzen da termino hori teklatu osoko gailuaz ari garela adierazteko. Blackberry hitza, berriz, gailu horren teklatu estuak, masusta baten itxura gogoratzen duelako hautatu zuten haren egileek.

Posta eta mezularitza zerbituak

Blackberryk, smartphone moduko telefonoen munduan lehiatzeko duen armarik nagusiena, qwerty teklatuarekin batera, posta eta mezularitza kudeatzeko eskaintzen duen erraztasuna da. Beste ezaugarriei erreparatzen badiegu, nabigatzailea ez dabil oso fin, terminalaren itxura soila da, eta hardwarearen berezitasun bakarra, bateriaren iraupen luzea da. iPhone edo Android darabilten telefonoek bezala, aplikazio biltegi propioa du, BlackBerry App World.

Ezaugarri xume horiek izanik, smartphone merkatuan, %20 izatera iristen da, eta, hori azaltzeko arrazoi nagusia, hasieran aipatu dugun ezaugarria: telefono horiek teklatu osoa eskaintzen dutela, eta horrek, mezuak idazteko orduan, abantaila handia ematen duela oraindik ere. Badirudi azkarrago idazten dela teklatu fisiko batean, eta askoz ere akats tipografiko gutxiago egiten direla. Merkatuan duen presentzia ulertzeko, bada beste arrazoi bat ere: Blackberry, telefono bat baino gehiago, zerbitzu bat da, posta eta mezularitza zerbitzu bat. Beste enpresa batzuk ez bezala, Blackberryk zerbitzu bat saltzen du, eta berau erabiltzeko terminal bat. Bere terminaletatik ez ezik, posible da HTC, Nokia edo Motorola batekin Blackberryren zerbitzuak erabiltzea.

Blackberryk eskaintzen duen posta eta mezularitza zerbitzuak kudeatzeko, RIM enpresak berak kudeatzen duen azpiegitura erabiltzen da. Hori dela eta, azpiegitura horrek inongo arazorik badu, Blackberry zerbitzua eten egin daiteke, eta, horren ondorioz, munduan dauden telefono horiek guztiak posta, mezularitza edo Internet zerbitzu gabe geldi daitezke, berriki gertatu den bezala.

Mezuen pribatutasuna

RIMek eskaintzen duen posta eta mezularitzaren beste ezaugarri bat da: erabiltzaileek trukatzen dituzten mezuen pribatutasun maila. Mezu horiek guztiak estuki zifratzen dira, eta, teorian behintzat, beste inork ezin izango ditu irakurri. Ezaugarri horrek hainbat bitxikeria eta arazo sortu dizkio Blackberryri. Esaterako, AEBtako presidenteak, Barack Obamak, Blackberry erabiltzaile sutsua izanik, publizitate galanta egin zion gailuari: presidente izendatu zutenean, Etxe Zuriaren komunikazio legedia betetzeko gailu hori zokoratzeko eskatu bazioten ere, Obamak bereak eta bi egin zituen bere gailu kutuna gorde ahal izateko.

Hainbat herrialdetan ere, Blackberryren zenbait zerbitzuren erabilpena debekatu zaie langileei: Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, India, Indonesia eta Frantzia kasu. Frantziako Gobernuak argudiatu zuen RIMen zerbitzariak Ameriketako Estatu Batuetan eta Ingalaterran egonik, bertako gobernuen esku geratzen zela frantses funtzionarioen mezuen babesa eta hori ez zela onargarria. Beste gobernu batzuentzat, mezuen pribatutasuna da arazorik handiena, bere herritarren komunikazioak zelatatzeko aukerarik eza, hain zuzen ere —horrela zuzenean onartzen ez bada ere—. Aurtengo abuztuan, Erresuma Batuan gertatutako istiluen harira, hango poliziak Blackberry gailuekin bidalitako mezuak ikertzeko asmoa azaldu zuen. Poliziaren aburuz, horrelako gailuak erabili ziren mezuak bidali eta istiluak antolatzeko, eta diputatu batek blackberryen mezularitza zerbitzua etetea eskatu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>