Googlek Android sistema eragilearen azken bertsioa aurkeztu berri du: Android 4, Ice Cream Sandwich izenarekin bataiatu du.
Interfazean hainbat aldaketa dakartza Android 4k, estetika futurista eman diote, eta tipografia ere aldatu egin dute, Robot» letra mota erabiliz. Pantailaren azpialdean, hiru botoi birtual berri jarri dituzte, eta, Appleren iOS sistema eragilean bezala, ikono bat beste ikono baten gainera arrastatu eta askatzen badugu, karpeta bat sortuko da.
Pantaila desblokeatzeko, aurpegia erabil daiteke: gailuaren kamerak erabiltzailearen aurpegia grabatu eta ezagutu egiten du.
Beste hainbat berrikuntza ere eskaintzen ditu Androiden azken bertsioak: NFC teknologien erabilpena, kamerarekin argazkiak azkar ateratzeko modua, kontaktuak kudeatzeko modu berria, datu konexioaren kontsumoaren xehetasunak, eta abar luze bat.
Sistema eragile berri hau izango duen lehen telefona, Googlek berak saltzen duen Samsung Galaxy Nexus izango da.