Ordenagailuak erosi eta urte gutxira zaharkituta geratzen diren ustea oso zabaldua dago. Batzuetan, hasiera batean ziztu bizian zebilen ordenagailu modernoa erabat mantsotu eta erabiltzailearen pazientziarekin bukatzeko makina bihurtzen da. Besteetan, zerbait apurtzen da, eta ordenagailua aldatzeko behar zen aitzakia jartzen zaigu eskura. Denborak aurrera egin ahala, bada gure ordenagailua zaharkitu eta mantsotua uzten duen beste aldagai bat: ordenagailuak berak darabilen software edo programen eskakizunak gora eta gora egiten duela amaierarik gabe.
Sistema eragile eta itxura kudeatzaileak
Sistema eragileek, urteak aurrera egin ahala, hardware baliabide gehiago eskatzen dituzte. Hain ezaguna dugun Microsoft Windows familiako lehen sistema eragileak—1985 urtean agertu zen Windows 1.01 sistemak— disko gogorrean megabyte bat baino gutxiago behar zuen, eta instalatzeko euskarri gisa, bost hazbeteko bost diskete erabiltzen ziren. Windows 7 moduko sistema eragile moderno batek, ordea, gutxienez, gigabyte bateko RAMa eta hogei gigabyteko disko gogorra eskatzen ditu.
Leiho kudeatzaileak ere asko aldatu dira. Erlieberik ez zuten leihoetatik orain erabiltzen ditugun 3D efektuetara bide luzea dago, eta bide horretan gora egin dutenak nabarmen hardware eskakizunak dira. Windows sistema eragileak berea propio duen inguru grafikoa dakar, eta Windowsen azken sistema eragilean, Windows 7n, Aero izena dauka. Sistema eragile hori darabilen ordenagailuak ez badu potentzia nahikoa —prozesadore azkarra, txartel grafiko egokia, RAM kopurua—, ez dira Aero horrek eskaini ditzakeen efektu guztiak bistaratu ahal izango.
Linuxen gisako sistema eragileetan, hainbat inguru grafikoren artean hauta daiteke; Gnome eta KDE dira ezagunenetako batzuk. Hona hemen Linux sistema inguruetan gehien erabiltzen diren inguru grafiko batzuen RAM eskakizun batzuk: KDE 3-uk (512 megabyte), Gnome 2-k (384 megabyte) eta XFCE 4-k (128 megabyte RAM). Aukeratzeko orduan, inguru grafikoak eskaintzen dituen itxura eta efektuak ez dira irizpide bakarrak, beraz, leihoak apaindu eta aurkeztuko dizkigun sistema horietako batzuk potentzia txikiko ordenagailuekin lan egiteko prestatuak baitaude.
Ordenagailu moteletan instalatzeko zenbait sistema eragile
Linux munduan distribuzio asko eta asko daude, eta horietako batzuk ordenagailu zaharretan ibiltzeko propio pentsatuak daude. Microsoften, ordea, ez dago sistema eragilearekin inguru grafiko ezberdinik erabiltzeko aukerarik, eta, gehienetan, ordenagailuak sistema eragilearen bertsio jakin batean mantentzen dira. Oraindik ere, asko eta asko dira 2001. urtean agertu zen XP bertsioa darabilten ordenagailuak. Horrek bi arrazoi ditu: batetik, erabiltzaile asko eta asko Windows Vistarekin nazkatu eta nahiago izan zuten XPn jarraitzea; eta, bestetik, Windows Vistaren eskakizunek ezinezkoa egiten zuten XP zuten hainbat ordenagailu eguneratzea. Sistema zaharretan instalatu ahal izateko, Microsoftek Microsoft Windows Fundamentals for Legacy PCs izeneko Windows XP bertsio bat kaleratu zuen 2006. urtean. Sistema eragile horrek eskakizun hauek ditu: 611 mega disko gogor, 233 MHztako prozesadore bat eta 64 megabyte RAM.
Linux sistema eragilean oinarritutako distribuzio ugari eskaintzen da ordenagailu zaharkituetan instalatu ahal izateko. Ezagunenetako batzuk hauek lirateke: Lubuntu, Xubuntu edo Vector. Adibide gisa, Vector hori Slackware izeneko distribuziotik eratorritako sistema eragilea da, XFCE edo KDE darabil inguru grafiko gisa eta 32 megabyte RAM / gigabyte bateko disko gogorra besterik ez du behar lan egiteko.
Ordenagailu zaharrekin egin daitekeen beste zenbait gauza
Gure ordenagailu zaharra garbigunera eraman baino lehen, bada oraindik beste modu batean erabiltzeko aukerarik. Gobernuz kanpoko erakunde batzuek ordenagailu zaharrak jaso, konpondu eta beharra dagoen lekuetara bidaltzen dituzte. Informatikan trebezia apur bat izanez gero, gure ordenagailu zaharra etxeko edo enpresako sarean jarri, eta fitxategiak zerbitzatzeko makina gisa baliatu dezakegu, modu eraginkorrez.