Chromebook, ordenagailu berria

Esaten badugu Googlek ordenagailu berri bat aurkeztu berri duela eta hardwareari dagokionez ez duela aparteko ezer ere eskaintzen, agian bat baino gehiago harritu egingo da. Chromebook du izena aparailu berriak, eta haren ezaugarri fisikoak hauek dira: 2GB RAM, Wifi eta 3G konektibitatea, 11 edo 12 hazbeteko pantaila, prozesadore arrunt bat, 6-8 ordu iraungo duen bateria eta harrigarriena dena: dokumentu eta lanak gordetzeko inongo disko gogorrik ez. Horrelako ezaugarriekin, nekez abiaraz dezake eramangarri honek Microsoften Windows familiako azken sistema eragilea.

Ordenagailu honen apustua bestelakoa da: saretik lortzen ditu eskaintzen dituen aplikazioak, eta sarera jotzen du fitxategiak gorde eta datuak prozesatzeko. Sare edo lainoan oinarritutako sistema eragile bat erabiltzen du: Googlek garatu duen Chrome OS sistema eragilea. Ezaugarri horiekin guztiekin, garbi dago sare konexioa behar-beharrezkoa duela ordenagailu eramangarri honek.

Chrome OS

Googlek garatutako sistema eragile honek Linux darabil bere bihotzean, eta erabiltzailearekin beharrezkoa duen interfazea web nabigatzaile baten bidez eskaintzen du, jada ezaguna dugun Chrome nabigatzailearekin, hain zuzen ere. Chromebook eramangarria pizten denean, 10 segundo inguru behar ditu erabiltzaileari eskaintzen zaion nabigatzailea bistaratu eta lanerako prest egoteko. Eskaintzen diren aplikazioak web aplikazioak dira, eta Android Market eta Appleren AppStore bezala, aplikazio biltegi batetik eskuratu daitezke. Ez dago aplikazioak hartu eta instalatu beharrik, aplikazio hauek Googleren zerbitzarietan daude, eta bertan egiten dute lan. Gure dokumentuak ere Googleren zerbitzarietan gordeko dira, gaur egun Google Docs bezalako sareko ofimatika aplikazioa erabiltzean egiten den bezala.

Sareko sistema eragile hori ez da gauza berria. Urteak dira web bidez eskaintzen diren mahaigainak eskura ditugula. Gutxi batzuk aipatze aldera: eyeOS eta g.ho.st

Abantaila eta desabantailak

Aplikazioak instalatzeko beharrik ez dagoenez, apenas mantenurik duen ordenagailu bat da. Ez da software edo aplikaziorik eguneratu beharrik, eta teorian bada ere, ez dago birusekin kutsatzeko arriskurik. Ordenagailuaren potentzia ez da handia, baina nahikoa da web nabigatzaile baten eskaerak asetzeko. Lehen esan bezala, testu prozesadore batekin lanean bagaude, eragiketa guztiak sarean dauden zerbitzarietan egingo dira (testu zuzenketak, bilaketa eta ordezkapenak) eta eramangarriak eragiketa horien emaitzak erakutsiko dizkigu. Datu eta fitxategiak sarean gordetzen direnez (Googleren zerbitzarietan), eramangarria galdu edo apurtzen bada, ez da daturik galduko. Beste Chromebook batean saioa erabiltzaile berarekin hastea nahikoa izango da datu guztiak berriz ere eskura izateko.

Sareko konexiorik gabe, Chromebook hau ezer gutxi da. Konexiorik gabe ezin du ez aplikaziorik ez eta gure dokumenturik saretik eskuratu. Eskaintzen diren aplikazioak web aplikazioak direnez, programa hauen arintasuna urria da mahai gaineko aplikazioen aldean.

Eman nahi zaion erabilpenaren arabera, aparailu baliagarria izan daiteke. Posta mezuak bidali, nabigatu eta dokumentuak editatzeko egokia da. Netbook moduan ezagutzen diren eramangarrien pareko da eskaintzen dituen zereginetan. Hori bai, kontuan hartzekoak dira haren mantenu behar eskasa eta birusetatik libre egon eta datuak beti sarean izateak eskaintzen dituen abantailak.

Chromebooken eskaintza

Norbanako bezeroek Acer eta Samsung markako Chromebook makinak dituzte eskuragarri. Dena den, herrialde guztietan ez dira modelo denak eskaintzen. Wifia eta 3G konektibitatea eskaintzen duten modeloak daude salgai. Lehendabizikoek 300-400 euroko prezioa dute, eta bigarrenak 400 eurotik gorako salneurrian saltzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>