Galdera-erantzun webguneak

Azken boladan, internauten artean bolo bolo dabil Quora bezala ezagutzen den webgunea. Bertako erabiltzaileek sortu, editatu eta sailkatzen dituzten galdera eta erantzunen biltegia da Quora. Galdera-erantzunen wikipedia dela diote. Egun arrakasta handia duten webguneak dira ingelesez Q&A (Questions and Answers) bezala ezagutzen direnak. Gune batzuek gai jakin batzuk jorratzen dituzte eta beste batzuk denetariko galderak egiteko erabiltzen dira.

Galdera-erantzunen webguneez ari bagara, Yahoo! Erantzunak da derrigor aipatu behar den gunea, edozein gairi buruz galdera-erantzunak egiteko webgunea. 2006an plazaratu zuten eta izugarrizko erabiltzaile komunitatea biltzen du, 200 miloi inguru. Martxan jarri zenetik ezer gutxi aldatu da. Galdera eta erantzunen webguneen arazoen erreferentzia ere bada Yahoo! : zabor piloa aurki daiteke bertan, eta askotan, erantzunen kalitatea negargarria da. Askoren aburuz, Yahoo! Erantzunak webguneko erabiltzaileak anonimoak izatearen ondorio zuzena da kalitate eza.

Stack Overflow ere galdera-erantzun webgune ezaguna da. Teknologiaren inguruan sortzen diren galderak jorratzen dira bertan eta erantzunen kalitatea handia da. Ematen diren erantzunen inguruan bozka sistema bat du guneak, eta horrela, erabiltzaile bozkatuenak nabarmendu egiten dira.

Galdera nahitaezkoa da: zerk bultzatzen du norbait horrelako webgune batean sartu eta besteek egindako galderak erantzuten jardutera? Hainbat arrazoi egon daitezke, baina hemen, hiru bat nabarmenduko ditugu. Lehen arrazoia, prestigio edo sona bilatzea litzateke, eta ondorioz, lan munduan sarbide hobea, gai jakin baten inguruan norbaitek dituen ezagutzak plazaratzeko erakusleiho onak baitira gune horiek. Adibidez, Linkedin sare sozial profesionalak badu galderak egiteko esparru bat, eta bertan egindako galdera eta emandako erantzunen laburpen bat eskaintzen du linkedin-ek erabiltzailearen profilean.

Emandako erantzunetako zenbait, erantzun hoberenak bezala markatuak izan badira, datu hau ere profilean agertu eta erabiltzailearen bikaintasuna nabarmentzen da. Lan merkatuan sartzeko orduan, hautagai selekzio prozesu batean, horrelako zerbait erabakigarria suerta daiteke. Gune horiek lan merkatuarekin duten harremanaz ohartuta, arestian aipatutako stackoverflow aplikazioak, careers 2.0 gunea martxan jarri du, lan eskaintza eta eskariekin.

Gune hauen erabilera azaltzeko beste arrazoi bat, aplikazio hauek duten ezaugarri soziala da: lagunei galderak egiteko dugun joera baliatzen dute. Formspring da honen adibiderik nabarmenetako bat, sare sozial ezberdinetan ditugun lagunei edozein gairen inguruan galderak egiteko gunea da.

Hirugarren arrazoi bezala, negozioa aipatu daiteke. Gune batzuetan, egindako galderen erantzunak ordaindu egiten dira. Wpquestions webgunean, WrodPress software ezagunaren inguruko galderak egiten dira. LawPivot gunean, aldiz, lege esparruko galderak plazaratzen dira.

Quora litzateke orain arte aipatu ditugun hainbat webguneren ezaugarri arrakastatsuenak uztartzen dituen modako webgunea. Yahoo! Erantzunak webgunean bezala, edozein gairen inguruko galderak egin daitezke, nahiz eta oraingoz, gai teknologikoak diren nagusi. Wikipedian bezala, edonork egindako galderak «zuzendu» eta besteen erantzunetan iradokizunak utzi daitezke.

Galdera baten harpidetza ere egin dezakegu, ematen diren erantzun guztien berri jakiteko, eta modu berean, erabiltzaile nahiz gai ezberdinen harpidetza egin daiteke.

Orain arte aipatu ditugun webgune gehienetan ingelesa da erabiltzen den hizkuntza bakarra. Euskarazko galdera-erantzun webgune bat sortu bitartean, beste hizkuntzen dauden webguneak erabili beharko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>