Liburu digitalak

liburudigitala4Pixkanaka-pixkanaka gizartean formatu ezberdinetan erabili diren edukiak formatu digitalera pasatzen joaten dira. Izan ere, izugarri bitxia da norbait ikustea argazki-kamera analogiko batetik ateratako argazki-film batekin. Musika entzuteko, mp3 edo ogg formatuzko fitxategiak grabatzen dira ordenagailuan, CD batean, DVD batean, sakelako telefonoan edo gailu eramangarrian, erromantiko edo nostalgiko batzuek oraindik ere binilo diskoren bat gordetzen eta entzuten duten arren. Era berean gertatzen da filmekin, aldizkariekin, egunkariekin edo beste hainbat eduki ezberdinekin. Eta nola ez, liburuekin. E-book hitza edo liburu elektronikoa honezkero ez da inorentzat ezezaguna. Batzuek adierazten dute paperaren usaina, edo orrialdeak ukitzearen eta pasatzearen sentsazioa ezin dela digitalizatu. Beste batzuek ere aipatzen dute liburuan pantailan baino erosoagoa irakurtzen dutela. Hala ere, liburu digitalen erabilera eta salmenta kopurua handitzen joaten dira egunez egun.

Liburu digitalen abantailak

Paperezko liburuen xarmagarritasuna aparte utzita, onartu behar da liburu bitarrek beren abantailak dituztela. Aurrezten den espazioa da haietariko bat, mugikorrean, e-book gailuan edo ordenagailuan ehunaka eta ehunaka liburu gorde ahal dira, hau da, sakelako telefonoaren tamainako gailu batekin, apalategi asko behar dituen informazio berdina sartzen da. Bestetik, liburuetan bilaketak egin ahal dira hitz edo esaldien arabera eta horrela aurkitu informazio zehatz bat edo liburuaren zati zehatz bat segundo gutxitan. Gainera, liburu digitalak irakurtzeko dauden gailuetan edo egungo sakelako telefonoetan ere oso ondo eta eroso irakur daitezkeenez, ba beti patrikan eraman ahal da norberaren liburutegi digital osoa edozein unetan orrialdetxo bat irakurtzeko. Hainbat liburu batera irakurtzeko ohitura duenarentzat, liburu hori e-book irakurlean irekitakoan aplikazioak edo gailuak gogoratuko du erabiltzailea zein orrialdetan gelditu den liburu hori irakurri duen azken aldian eta hortik aurrera irakurtzen jarraitu ahal izango du.

Zer esanik ez, paper gutxiago kontsumitzen du eta beren produkzioa merkeagoa da, beraz, erosketa ere merkeagoa izaten da batzuetan.

Era berean, liburu digitalak aukera paregabekoa da idazle berriek beren liburuak hedatu ahal izateko.

Liburu elektronikoetarako fitxategi formatuak

Liburu elektronikoetarako formatu ezberdin daude, berez, liburu elektronikoetarako soilik ez diren formatuak ere kontutan hartu ahal dira, PDF, Open Office Writer, Microsoft Word, RTF, HTML. Formatu hauek, dokumentuak ikusteko aplikazio askorekin irakurri ahal dira. Baina badaude beste formatu asko liburu elektronikoetarako bideratuta daudenak, ePub, adibidez, liburu elektronikoetarako formatu ireki bat da eta aplikazio askorekin irakur daiteke, azw Amazon Kindleren formatua da, hauek eta fb2 (Fiction Book) ezagunenetarikoak dira.

Liburu elektronikoak irakurtzeko gailuak

Liburu elektronikoak irakurtzeko gailuen artean Amazon Kindle (http://www.amazon.com/kindle-store-ebooks-newspapers-blogs/b?ie=UTF8&node=133141011) ezagunetarikoa da, Amazon.com on-line dendak sortu zuen 2007n eta guztiz bateragarria da Interneteko denda honekin. Irakurle honetatik Wikipedia eta egunkari batzuk ere irakurtzea posible da. Interneteko edukiak irakurtzeko wifi konexioa erabili ahal da. Kindle irakurleak, formatu propioaz gain, PDF formatua ere irakurtzea ahalbidetzen du lehenetsita. Papyre, Sony, Samsung, Sigmatek fabrikatzaileek ere badituzte e-book irakurleak.

Liburu elektronikoetarako aplikazioak

Ordenagailuek printzipioz pantaila handia badute ere, liburu elektronikoak irakurtzeko orduan egungo sakelako telefonoak, e-book irakurleak, tabletak eta bestelako gailu eramangarriak erosoagoak izan ahal dira. Batez ere, tamaina txikiagatik eskuartean edukitzeko erosoagoak dira eta horrela eserita, etzanda edo garraio publikoetan irakur daitezke arazorik gabe gainera pantaila handi samarra izaten dute honezkero.

Telefono mugikorretan aplikazio asko daude liburuak irakurtzeko. Android telefonoetarako, Amazonek ere Kindle izeneko aplikazioa eskaintzen du. Hala ere, Aldiko (http://www.aldiko.com/) aplikazioa oso erabilia eta ezaguna da plataforma honetarako, gainera, jabetzarik gabeko liburuak eta aparteko doako liburuak eskaintzen ditu. Aldiko aplikazioa ePub formatua erabiltzen du liburuetarako eta formatu honetako liburuak inportatu ahal dira telefonotik kanpo, norberaren liburutegian sartzeko eta hortik aurrera eskuragarria edukitzeko. Doako aplikazio bezala eskuratu daiteke. IPhone eta iPad gailuetan TextOnPhone (http://www.textonphone.com/) edo Readdle (http://readdle.com/) erabil daitezke. MS Windows Mobile, Balckberry, Palm OS eta Symbian gailuetan irakurtzeko Mobipocket Reader (http://www.mobipocket.com/en/downloadsoft/productdetailsreader.asp) da aukeretariko bat.

Calibre aplikazioarekin liburu digitala kudeatu ahal izateaz gain, dokumentu eta e-book formatu anitzen arteko bihurketak egin ahal dira. Honela, PDF bat, adibidez, norberak behar duen formatu bihur dezake. Software librea da eta MacOsX, GNU/Linux eta Ms Windows sistemetarako deskargatu daiteke. Hau da programaren helbidea: http://calibre-ebook.com.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>