Ziur-asko, lagun batzuek bideo-zaintza sistema bat beren etxean instalatzea pentsatu dute. Alabaina, diru hori ez zutelako gastatu nahi, edo segurtasun enpresen sistema profesional horrek ekartzen dituen ohitura aldaketak onartzen ez zituztelako, ideia baztertu dute azkenean. Hala ere, informatikari esker, posiblea da martxan jartzea bideo-zaintza sistema bat etxean, era erraz batean eta oso merke. Izan ere, ordenagailu bat, web-kamera bat eta eskuragarri dauden bideo-zaintzarako doako aplikazioetariko bat besterik ez da behar etxean bideo-zaintza sistema jator bat jartzeko. Zer esanik ez, ez da izango segurtasun enpresa profesionalek jartzen dutenaren parekoa, askoz xumeagoa da, eta ez du izango poliziarekiko konexioa ezta segurtasun enpresek eskaintzen dituzten beste zerbitzu gehigarri batzuk; haatik nahikoa izan daiteke pertsona batzuentzat.
Bideo-zaintza MS Windows sistemetan
Dorgem bideo-zaintzarako doako aplikazioa da, software librea da eta MS Windows sistemetarako prestatuta dago. Software hau webgune honetatik deskargatu daiteke: http://dorgem.sourceforge.net/. Ondoren instalatu beharko da, oso erreza da instalatzea eta konfiguratzea, hori bai, ingelesez baino ez dago. Behin instalatuta, web-kamera konfiguratu beharko da eta “Preview” aukeraren bitartez ondo konfiguratuta dagoela ziurta daiteke. Aplikazioaren hobespenen artean, “Use motion detection” aipatzeko modukoa da, ezaugarri hau markatuz gero, mugimendu-detekzioa gaitzen da. Aplikazio honek web-kameraren bitartez kapturatzen dituen irudiak, FTP zerbitzari batean edo etxeko ordenagailuan gorde daitezke. Irudi izen bezala eman ahal zaio izen finko bat, eta orduan ordezkatzen joaten da fitxategi berdina behin eta berriz, edo izenaren barnean karaktere bereziak erabil daitezke fitxategi ezberdinak sortzeko data eta orduarekin, esaterako. Aplikazio honen alde txarra da 2008tik bertan-behera gelditu dela garapena, azken bertsioa 3.0 da.
Beste aukera libre eta doakoa MS Windows sistemetarako iSpy da, hau da proiektuaren webgunearen helbidea: http://ispy.developerinabox.com/default.aspx, bertatik aplikazioa deskargatu daiteke eta proiektuari dohaintza bat emateko aukera eskaintzen du. Aplikazio honek ordenagailuaren web-kamera eta mikrofonoa erabiltzen du audioa zein mugimendu-detekzioa egiteko. Audioa edo mugimendua detektatzen duenean posta elektroniko bat irudiarekin bidaltzen dio erabiltzaileari, horrela denbora errealean ikus daiteke etxean gertatzen ari dena. Horrez gain, konfiguratu daiteke SMS bat ere bidaltzeko edo aplikazio zehatzen bat exekutatzeko. ISpy aplikazioaren bitartez web-kamera bat baino gehiago edota ordenagailu bat baino gehiago kudeatu ahal dira. Halaber, iPhone, Android edo Widnows 7 mobile sistema duten sakelako telefonoetatik bideoa denbora errealean ikustea ahalbidetzen du iSpyk. Gainera, web-kameren aktibitatea ere grabatu daiteke.
Esan daiteke instaltzeko iSpy Dorgem baino zailagoa dela, baina askoz osatuagoa da aplikazioa.
SecuritySpy Mac Os X sistemetarako
Mac Os X sistemetan ere bideo-zaintza sistema instalatu ahal da dohainik, SecuritySpy erabil daiteke horretarako, webgune honetatik deskargatu daiteke: http://www.bensoftware.com/ss/index.html. Kasu honetan ere hainbat web-kamera kudeatu daitezke. Halaber, audio eta mugimendu-detekzioa ere ekartzen du. Eta beste adibideetan bezala zerbait gertatuz gero erabiltzaileari jakinarazten dio mezu elektronikoz. Honez gainera, FTP zerbitzari batera igo ahal dira argazkiak edo nabigatzaile batekin web-kamerak grabatzen ari direna ikustea posiblea da.
ZoneMinder GNU/Linuxpean
GNU/Linux sistemetan ZoneMinder softwarea erabil daiteke. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.zoneminder.com, bertan aplikazioa jaitsi eta dagoen dokumentazioa ikus daiteke. Hala ere, Ubuntu Software biltegitik edo Synaptic pakete kudeatzailetik ere instalatu daiteke. Aplikazio hau oso osatua da, bideo-kamera bat baino gehiago kudeatu daiteke. Gainera, aukera asko konfiguratu daitezke, adibidez, ea soilik irudiak edo bideoa gorde behar duen edo programatu ahal da bideo-kamerek grabatu behar duten ordutegia. Beste kasuetan bezala mugimendu-detekzioa dauka eta erabiltzailea ohartarazten du posta elektroniko baten bitartez mugimendu-alarma sortu duen irudiarekin. Aterisk (http://www.asterisk.org/) telefonogune bat instalatuta edukiz gero jakinarazpenak ere telefonoaren bitartez egin ahal ditu.