Webguneak arakatzearekin batera, posta elektronikoa da Internet zerbitzurik erabilienetarikoa. Mezu elektronikoak hainbat eratan idatzi eta irakur daitezke, sakelako telefonotik, webgune batetik nabigatzaile baten bitartez (webmail deitzen dena) edo mahaigaineko aplikazio batekin. Posta elektronikoa izenarekin baino, munduan zehar ezagunagoa da bere anglosaxoniar hitzarekin, “e-mail”. Eta bere ikurrik ospetsuena @ da, a bildua, ingelesez “at” hitzetik datorrena.
Posta protokoloak edo zerbitzuak
Posta elektronikorako protokolo izenak, ezagunak egingo dira noizbait posta elektronikoa irakurtzeko eta idazteko aplikazio batean, bere kontua konfiguratu behar izan duen erabiltzailearentzat. Izan ere, konfiguratzerakoan, galdetu ohi da ea IMAP edo POP3 kontua konfiguratuko dugun eta POP3 sarrera zerbitzaria edo SMTP irteera zerbitzaria bezalako kontzeptuak agertzen dira.
SMTP irteera zerbitzaria
SMTP da irteera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak bidaltzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Bere izena, Simple Mail Transfer Protocol hitzetatik dator, posta transferentzia protokolo sinplea, alegia. Normalean, protokolo honek 25 ataka erabili ohi du zerbitzarian.
Beste noizbait ere ataka logikoa zer den azaldu da Zibergelan. Baina, nolabait esateko, honek esan nahi du zerbitzari batean zerbitzu ezberdinak ostatzen badira, web, posta elektronikoa edo ftp, esaterako, bakoitzak erabiltzen duela ataka zenbaki bat. Ataka hauek 1024 zenbakira arte zehaztuta daude eta ezagunak dira, aldatu ahal badira ere zerbitzaria konfiguratzerakoan. Hala bada, honelako zerbitzu batera konektatu nahi denean, konektatzen den aplikazioak, helbidea eta ataka zehaztu behar du, ez soilik helbidea. Hau erabiltzailearentzat nahiko gardena da, aplikazioek egiten dutelako eta erabiltzaileak ez du jakiten zein portutara konektatzen ari den. Baina behin edo behin, portu hau zehaztuta dagoena ez bada, erabiltzaileak idatzi behar du.
POP3 sarrera zerbitzaria
POP3 da sarrera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak jasotzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Zerbitzu honek 110 ataka erabiltzen du eta bere izena Post Office Protocol hitzetatik dator, posta bulego protokoloa, alegia.
IMAP
IMAP, Internet Message Access Protocol hitzen akronimoa da eta 143 ataka erabiltzen du. Protokolo honek ahalbidetzen du jasotako posta elektronikoa kudeatzea zerbitzaritik, zuzenean. Hau da, jasotako posta karpetaka antolatzea edo irakurrita bezala markatzea ahalbidetzen du, baina ez norberaren ordenagailuan, baizik eta zerbitzarian. Honek ekartzen duen abantaila mugikortasuna da. IMAP posta kontu bat konfiguratu daiteke hainbat ordenagailutan, etxeko ordenagailuan, ordenagailu eramangarrian, bulegoko ordenagailuan. Eta bakoitzean egindako aldaketak, ez direnez lokalki egiten, zerbitzarian baizik, beste ordenagailu batean, posta kontu hori erabiliz gero, beste ordenagailuetan egindako aldaketak ere ikusiko dira, zerbitzaritik irakurtzen direlako. Beraz, oso egokia da, mugikortasun handia behar duten erabiltzaileentzat. Are gehiago, erakunde edo elkarte baten posta kontua bada, elkarte edo erakundeko pertsona ezberdinak ere sartu ahal dira ordenagailu ezberdinetatik. Orduan mezu bat, batek irakurtzen badu, edo erantzuten badu edo karpeta batean sailkatzen badu, besteek ikusiko dituzte aldaketa horiek guztiak.
Posta zerbitzu doakoak
Badaude hainbat gune posta kontu doakoak eskaintzen dituztenak, oso ezagunak badira ere, hemen aipatuko dira horietariko batzuk.
Microsoften posta zerbitzu doakoa Hotmail du izena eta webgune honetan eskuratu daiteke: http://www.hotmail.com. Honek webmail baino ez du eskaintzen, berez, ez du eskaintzen POP3, SMTP ez IMAP mahaigaineko aplikazio batean konfiguratzeko aukera. Norberaren postontzirako espazioa handitzen joaten da denbora pasa ahala.
Googleren GMail, http://mail.google.com/, hau euskaraz dago; Webmail zerbitzua eskaintzeaz gain, POP3 eta SMTP protokoloak zein IMAP konfiguratzea ahalbidetzen du mahaigaineko aplikazio batean. Norberak duen postontziaren espazioa handitzen doa denbora pasa ahala.
Euskalerria.org, http://www.euskalerria.org, euskara hutsez eskaintzen dira posta elektroniko kontu doakoak eta webmail eskaintzeaz gain POP3 eta SMTP konfiguratzea baimentzen du mahaigaineko aplikazio batetik.
Beste batzuk ere badaude, esaterako: Yahoo, http://mail.yahoo.com edo GMX, http://gmx.com/.