Disko gogorren partizioak eta fitxategi sistemak

disko gogorra

Ordenagailu bat erosten denean, askotan jada sistema eragile batekin eta fabrikan edo dendan ezarritako partizio konfigurazio batekin etortzen da, gauza bera gertatzen da USB kanpoko disko gogorra erosten denean, esaterako. Hala ere, lehenetsitako partizio konfigurazio hori batzuetan ez da komenigarriena edo erabiltzailearen beharrak betetzen dituena eta aldatu egin behar da.

Zer da partizio bat eta zertarako egin

Partizioak, biltegiratze unitate fisiko baten banaketak dira. Banaketa bakoitza agertuko da aparteko unitate bat izango balitz bezala sistema eragile gehienetan eta partizio bakoitzak fitxategi sistema ezberdin bat izan dezake, hau da, fitxategi eta karpeten egitura gordetzeko era ezberdin bat. Hala, bada, nahiz eta disko gogor bakarra eduki, partizioen bitartez, unitate fisiko horren banaketa ezberdinak edukitzea lortzen da.

Sistema eragile bat baino gehiago instalatu nahi badira ordenagailu batean, unitate ezberdinak beharrezkoak dira. Izan ere, sistema eragile bakoitzak berarentzako partizio eta fitxategi sistema berezi bat behar du orokorrean, kasu batzuetan bi partizio eta fitxategi sistema ezberdinak behar ditu. Honela, disko gogor bat baino gehiago edukiz gero, disko gogor ezberdinetan instalatu daitezke sistema eragileak. Baina bestela, partizioak egin beharko dira.

Bestetik, oso komenigarria da partizioak egitea datuak eta sistema eragileak banatzeko, era honetan, sistema eragilean arazoak edukiz gero, birus bat sartzen bada, esaterako, edo sistema eragilea hondatzen bada, edo besterik gabe, sistema eragilearen partizioa formateatu behar bada garbitzeko edo sistema eragilearen bertsio berri bat instalatzeko, lortzen da datuak aparte gelditzea eta ez dira ezabatuko. Alegia, sistema eragilea ostatzen duen partizioa formateatu edo ezabatu behar bada, datu partizioa ez da ukitu behar eta datuak ez dira ezabatuko. Datu partizio hau, gainera, konfigurazioaren arabera, erabil daiteke sistema eragile ezberdinekin eta horrela, sistema eragile ezberdinetan datu berdinak eskuragarri egon ahal dira.

Zerekin egin partizioak

Sistema eragile gehienen instalatzaileek partizioak egiteko utilitate bat ekartzen dute, eta instalatzen direnean, momenturik onena da nahi diren partizio banaketak egiteko. Bestela, behin sistema eragilea instalatuta ere, partizioak egin daitezke, baina hemendik aurrera partizio horretan dauden datuak edo sistema eragileak eta programak galtzeko arriskua dago, horregatik hasieratik egitea hobe da, posiblea bada. Behin sistema eragilea instalatuta partizioak egiteko, sistema eragileak berak ekartzen duen baliabidea izan daiteke aukera bat, MS Windows-en, disko administratzailea, esaterako. Hona heltzeko, Nire PC edo Ekipoaren gainean saguaren eskumako botoiarekin eta <<Kudeatu>> aukeran klik egin behar da. Bestela, beste aplikazio batekin egin ahal da, nahiko erabilia izan da Partition Magic MS Windows sistemetan zeren eta, gauzak ondo eginda, aldatzen diren partizioen datuak eta sistema eragilea mantendu ahal baitira, beti hutsik zeuden zatiak ukituz gero, baina Symantec enpresak programa erosi duenetik ez da eguneraketarik egon. Aplikazio hau ez da software librea. GNU/Linux sistemetan, GParted oso ezaguna eta erabilia da <<gparted>> izeneko paketearekin instalatzen da eta fitxategi sistema askorekin bateragarria da, alegia, GNU/Linux, MS Windows edo beste partizio motak sortu ahal dira. NTFS partizioak egiteko mkntfs aplikazioa behar badu ere, hori lortzeko, ntfstools paketea instalatzea nahikoa da.

Nahiz eta GNU/Linux sistemarik instalatuta ez eduki, Live CD batekin egin ahal dira partizioak GNU/Linux sistema batetik eta GParted-ekin. Ubuntu CD batekin, esaterako, instalatu gabe aukera erabilita edo are hobe da horretarako bereziki prestatuta dauden beste Live CD banaketa batzuk erabiltzea. GParted Live CD, esaterako: http://gparted.sourceforge.net/livecd.php.

Partizio motak nola zehaztu

Partizioak zehazten direnean zein fitxategi sistema edo zein motatakoak izango diren ere zehaztu behar da. MS Windows sistema baterako erabiliko bada NTFS mota erabili ahal da edo FAT32, baina soilik MS Windows sistema erabiliko bada hobe NTFS. GNU /Linux sistema bat instalatzeko partizioan EXT4 oso gomendagarria da eta egun, erabilienetarikoa, beste batzuekin ere ibili ahal bada ere. Gainera, GNU/Linux sistemek SWAP motako partizio bat ere behar dute, RAM memoriaren tamainaren bikoitza gutxi gorabehera eduki ahal du partizio honek, sistema eragileak memoria trukerako behar du. Datuak banatuta eduki nahi izanez gero, soilik GNU/ Linux sistema batekin erabiliko badira EXT4 bezala zehaztu ahal da partizioa eta soilik MS Windows sistema batekin NTFS da onena. Baina GNU/Linux eta MS Windows sistema ezberdinetatik erabili nahi bada datu partizioa hobe FAT32 erabiltzea, zeren eta MS Windows sistemek ez dute EXT4 onartzen eta NTFS ez da guztiz egonkorra GNU/Linux sistemetan datuak idazteko orduan, irakurtzeko orduan arazorik ez egon arren eta idaztea ere posiblea izan arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>