Ordenagailu erabiltzaile gehienei, guztiei ez izateagatik, gertatu zaie lana galdu dutela bat-batean argindarra joan delako. Izan ere, ez da batere arraroa, argia joatea eta ordenagailuan egiten ari den guztia galtzea, badela ekaitza batengatik, badela arazo elektriko batengatik edo argindarraren hornitzailearekin kontratatutako potentzia gainditu izanagatik. Hori saihesteko, oso gomendagarria da egiten joaten den guztia maiz gordetzea, era honetan, horrelako zerbait gertatuz gero, ez lirateke datu guztiak galduko, dokumentu bat edo lan bat egiten ari izanez gero, esaterako. Zeren eta lan minutu batzuk edo lan ordu asko hauts daitezke horrelako egoerak suertatzen direnean.
Ordenagailu eramangarrien kasuan, bateria daukatenez, bateria hori jarrita eta kargarekin egonez gero, txikia bada ere, argindarra joaten denean, ordenagailu eramangarria bateriatik hartuko du elikadura. Honela, jarraitu daiteke lanean eta datuak ez lirateke galduko.
Hala ere, batzuetan, arazo elektriko hauek ekar ditzaketen ondorioak, ez dira soilik denbora-galerak. Izan ere, ordenagailuaren osagai elektrikoak ere hondatu ahal dira, elikadura-iturria, prozesagailua edo oinarri-plaka, esaterako. Eta batzuetan, disko gogorraren datuak ere galdu ahal dira, edo disko gogorra bera apur daiteke, eta era berean datu guzti-guztiak galduko lirateke. Kasu hauetan, datuen ziurtasun kopia egiteko ohitura izanez gero, datuak bederen, berreskuratu ahal izango lirateke, baina bestela, betiko galduko lirateke.
UPSak
Horrelako arazoak ekiditeko UPS izeneko gailuak erabili ahal dira, Uninterruptible Power Supply hitzetatik dator izena eta euskaraz Etengabeko Elikadura Sistema izango litzateke edo Etengabeko Indar Hornidura izena ere har dezake. Gailu hauen bitartez, arazo elektrikoen aurrean babes daitezke ordenagailu bat edo gehiago eta beste gailu mota batzuk. Zeren eta gailuetara heltzen den argindarraren kalitatea hobetzen duen.
Potentzia jaitsiera eta igoeren kontrako babesa
Alde batetik, UPSek argindarrean eman daitezkeen tentsio igoerak eta jaitsierak iragazi egiten ditu. Hau oso onuragarria da gailu digitaletarako, zeren arestian aipatu den bezala, horrelako potentzia igoera batek, ekaitza bat dela eta edo sistema elektrikoan akats batengatik, osagai elektrikoak hondatu ahal dituelako. Horrenbestez, norbanakoentzat zein enpresentzat arazo informatiko larriak ekar ditzake. Hala, bada, UPS baten bitartez gailu digitalak babestuta gelditzen dira ondorio horiek kontra. Berez, UPSaren kalitate neurtzen duen irizpidetariko bat hau da hain zuzen ere, potentzia jaitsierak eta igoerak iragazteko gaitasuna, alegia.
Ordezko elikadura
Bestetik, argindarra joaten denean ere beti ekartzen ditu arazoak, denbora-galerak gorde ez den lana galdu delako, esaterako, edo berriz ordenagailua abiarazterakoan arazoak ekar ditzaketen sistema eragilean akats teknikoak, eta askoz larriagoa dena, disko gogorrak eta bere datuak hondatzea, alegia. Horren aurka, UPSek ere irtenbidea daukate. Izan ere, ordezko bateria batez baliatzen dira argindarra joten denean eta konektatuta dituen gailuak elikatzen jarrai dezake argindarra etortzen den bitartean. Bateria honen energiak minutu batzuk eta ordu erdiko tartean iraun dezake UPS eredu arruntetan, eredu batzuek denbora gutxiago edo gehiago eskaini ahal dute. Honez gain, denbora hau, UPSra konektatuta dauden gailuen menpe dago, zenbat eta gailu gehiago konektatu orduan eta gutxiago iraungo du, jakina den bezala. Hau ez da denbora asko, baina behintzat, argia berriz itzaltzeko denbora ematen du, eta kasurik txarrenean, argindarra berehala ezin bada berreskuratu, lanak gorde eta aplikazioak zein sistema eragilea ondo ixteko denbora emango du. UPS-ek, alarma mota ezberdinak dituzte txistu-hotsen bitartez eta haien arteko denbora-tartea motela izan daiteke hasieran edo azkarrago bateria amaitzear baldin badago.
Erabilera eta prezioak
UPSak oso erraz erabiltzen dira, etxeko edo bulegoko entxufera edo lokiara konektatzen dira eta gero UPS-ek beste hainbat gailu konektatzeko aukera eskaintzen ditu. Gailu horiek aipatu diren arazoetatik babestuta egongo dira. Bulego edo saltoki txiki edo etxe baterako UPSak edozein informatika dendatan aurki daitezke eta 60 eta 100 euroko tartean oso eredu jatorrak eros daitezke, garestiagoak ere egon arren.