crowdfunding, elkarlana, kontzeptuak

‘Crowdfunding’a, proiektuak finantzatzeko bidea

Kickstarter web plataforma 2009an sortu zuten, helburu nagusi batekin: erabiltzaileek sortzaileen proiektuak babestea, bueltan diru etekinik jaso gabe. Gehiago badiren arren, aitzindaria Kickstarter izan zen (http://www.kickstarter.com/). Manhattanen jaio zen egitasmoaren bidez, hainbat eratako sorkuntzak finantzatu ahal izan dira: film luze independenteak, musika, komikiak, kazetaritza lanak, bideo jokoak eta janariarekin lotutako proiektuak. Era horretara, finantzaketa eredu tradizionalak saihesten dira, edo, gutxienez, haienganako menpekotasuna murrizten. Erabiltzaileek erakargarri egiten zaizkien eta zailtasunak dituzten produktuak sortzen laguntzen dute ekarpena bitartez.

Azkenaldiko bilakaera dela eta, argi dago ekarpenen inguruko ideia eraldatu egin dela, sare sozialen, sareko komunitateen eta mikro ordainketa teknologien eraginpean (Paypal, adibidez). Orain, ordainketa txiki horiek egitea erosoagoa da; erraz, bizkor, modu pribatuan eta seguruan egiten baitira sarean.

Hori bai, han erakusten diren proiektuek Kickstarterrek ezarritako baldintzak bildu behar dituzte: besteak beste, haien helburua ezingo da izan karitatezkoa, ezta mugarik jarri gabeko diru bilketa soila ere. Gero, egitasmoaren sortzaileek data muga bat eta irabazi minimo bat zehazten dituzte, haien nahia egia bihurtzen hasteko. Ezarritako jomuga lortzen ez bada, ez da dirurik batzen; hala, ordainketak egiteke geratzen dira helburua lortzeko zain, edo deuseztatu egiten dira besterik gabe. Horri provision point mechanism edo betetze puntuko mekanismoa deitzen diote. Jomuga lortuz gero, ekarpenen bilketa Amazon Payments erabilita egiten da.

Kontuan hartzeko xehetasun bat badago, jendearen bidezko finantzaketa lekuei dagokienez, erakusten diren proiektuen eta lorpenen gaineko eskubideei lotutako etekinena. Kickstarrek adibidez, muzin egiten die horiei. Hori bai, finantzatu eta gero, proiektua erregistratu eta etengabe erakusteko eskumena gordetzen dute. Ezagun egindako asmakizun horietako baten berri eman genuen Zibergela-n: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/18/hiru-dimentsiotan-inprimatzea/.

Guztien funtsa: jendeak azken hitza

Jendearen laguntza bidezko finantzaketa edo crowdfunding ezagutzeko hainbat izen dira balizkoak, eta dagoeneko ezagunak dira sarean finantzaketa kolektiboa, mikrofinantzaketa edo mikromezenasgoa eskaintzen dutenak. Hots, guztiek daukate komunean ondorengoa: dirua edo bestelako bitartekariak lortzeko osatzen dituzten sareak dira, Internet erabiltzen dutenak beste pertsona nahiz erakundeen lanak eta egitasmoak finantzatzeko. Crowdfunding erabilita abiarazi nahi diren proiektuak askotarikoak izan daitezke, hortaz; haien jarraitzaileen bultzada lortu nahi duten artistak, kanpaina politikoak, aldizkariak, blogak eta enpresa zein negozio txikien sorrerarako finantzaketak, besteak beste. Ez da arraroa, beraz, espezializaturiko crowdfunding atariak aurkitzea; musikarientzat, adibidez, musicraiser.com edo pledgemusic.com aipatu daitezke.

Guztia ezin liteke

Kooperazioa proiektugintzan ez da atzo goizeko kontua, eta antolakuntza birtualaren aurretik bazegoen horrelakorik. Extremoduro rock talde espainiarrak hautsak astindu zituen 1989. urtean, haien lehen diskoa grabatu baitzuten jendeari egitasmoaren berri eman eta laguntzak lortu ostean. Gertuago —eta 20 urteko urteurrena iragan astean izan da—, Euskaldunon Egunkaria-k ere herri finantzaketa masiboari lotuta ekin zion bideari.

Jendearen finantzaketa bidez aurrera atera diren egitasmoek, dirua lortzeaz gainera, jendearen ahoz ahozko publizitatea ere lortu ohi dute. Baina era berean, berritzaileak diren proiektu horietan ere hedatu behar izatearen premisa kalterako ere izaten da, haien sorkuntza beste enpresek kopiatzeko moduan eskaintzen baitute.