Aplikazioak, crowdfunding, Hardware, Jaialdiak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Telebista

Berrikuntzak, Las Vegasko elektronikaren azokatik

curved tvCES edo Consumers Electronics Show elektronika eta teknologiaren nazioarteko azoka da. Urteroko hitzordua da AEBetako Las Vegas hirian. Aurten urtarrilaren 7a eta 10a bitartean izan da. Sasoiko produktu elektroniko berriak aurkezten dituzte, tarteka, inoiz merkaturatzera iritsiko ez diren proposamenak. Kontsumitzaileei aldiko joerak erakusteko eta enpresei negozioak egiteko balio du azokak.

 Pantaila kurbatuak eta gailu eramangarriak, sasoiko teknologiak. CES 2014 amaitu berritan, zeresan handiena eman dutenak pantaila kurbatuko gailuak dira. Telebisten kasuan, erdiko aldea bakarrik dute finkoa eta alboak okertu daitezke bakoitzaren beharren arabera. Bestalde, sakelako baten pantaila okertu ahal izatearen erabilpenak ez dira garbi geratu. Gainera, hiru dimentsioko telebisten porrota azaleratu du 4K bereizmeneko telebisten agerpenak; betaurrekorik gabe antzeko bizipena ematen dutelako. Erronka, baina, prezio apalak bilatzea zen. Vizio eta Polaroid etxeen oholtzan, 50 hazbeteko 4K telebistak erakutsi zituzten 731 eurotan. Toshibaren 4K bereizmena duten eramangarrien lerroa ere adierazgarria da, Ultra HD ordenagailuetara eramaten aurreneko saioa baita.

Sakelakoen aldetik, Asus nabarmendu zen, 72 eurotako smartphone baten eskutik. Android sistema eragilea eramango du Asus Zenfone 4 telefonoak.

Steam Machine, berriz, kontsola generikoak dira; Linux oinarridun bideo jokoen lehen plataforma erabiltzen duten ordenagailuak, hain zuzen. Orain, hainbat enpresak haien kontsola aurkeztearen aldeko apustua egin dute. Erabiltzaileen arreta erakarri, eta Sony, Microsoft edo Nintendok haien erara moldatutako merkatua irekitzeko egiazko mehatxua dira dagoeneko. Zibergela-n aipatu genituen: http://zibergela.bitarlan.net/2013/10/03/bideokontsola-libreen-aldia-ote/.

Gidaririk gabeko gailu hegalari txikien edo drone deituen agerpena ere aipatzekoa da. Erabilpen militarraren ondorioz ezagun egin arren, segurtasuna edo garraio zibilerako erabiltzen hastekotan baitabiltza. Amazon edo Telepizza konpainiak banaketa sistema gisa probatu dituzte, eta laster ikusiko dira gure hirietako zeruetan hegan. Parrot etxe frantziarraren Mini Drone eta Jumping Sumo erakutsi zituzten baita ere. Drone komertzial horien prezioaren berri eman ez arren, 2014aren amaiera aldera eskuragarri egotea iragarri dute. Azkenik, Android sistema eragilea autoetan sartzeko egitasmoa aurkeztu dute Audi, Google eta Nvidia etxeek. Hyundai, Honda eta General Motors batu zaizkie proiektura.

Deigarria da baita crowdfunding edo finantzaketa kolektiboaren laguntzaz aurkeztutako proiektuen kopurua. Horrek erakusten du ideia on bat duen orok ekoitzi eta saldu dezakeela bere produktua. Azkenik esanguratsuak izan zen erakutsi ziren osagarri elektronikoen arrakasta: betaurrekoak, eskumuturrekoak edo erlojuak funtzionalitate berriak aurkeztu dituzte. Berehalako etorkizuneko osagarriak interaktiboak izango dira.

 Bidokontsolarik gabeko bideo jokoak. Etorkizuna gailu sinpleenen baitan dago. Eta hodei konputazioa da giltza. Sareko sarbidea eta pantaila edukitzea nahikoa da edozein eduki egikaritzeko. Hots, jolasteko urrutiko agintea eta Internet konexiodun Smart TV bat edukitzea besterik ez da beharko aurki, Play Stationeko katalogoko jokoetan aritzeko. Zerbitzuaren izena Play Station Now da, eta streaming bidez plataformen arteko bateragarritasun arazoa bukatuko da. Trabak gainditu, eta PS4 berrian PS3-ko jokoetan jolasteko balioko du.

Baina batez ere tableta, telefono, kontsola eramangarri edo beste gailu adimentsutan ibiltzeko ere. Prozesatzeko ardura zein kalkulu guztiak egitekoa, urrutiko zerbitzariak hartuko baititu bere gain. Esan gabe doa Interneterako abiadura handia beharko dela, etenik nahi ez bada.

 Berehalako mezuak, etxeko tresnei zuzenduak. Beste behin ere, domotikari garrantzia eman zitzaion CES azokan. Aukera bakarra izan ez den arren, LG etxearen proposamenak eman du arreta gehien. Line berehalako mezularitza zerbitzuarekin bat egin eta etxeko tresnekin komunikatzeko mezularitza zerbitzua da aurkeztu dutena: Homechat. Horrela, laster batean lurra garbitzeko xurgagailua zein arropa-garbigailua —zein beste edozein gailu— urrutitik abiaraztea dago, LG markakoa eta adimentsuak diren artean.

 Janaria inprimatzeko labea. Txokolatea eta azukrea erabiliz, hiru dimentsioko jakiak egiteko diren inprimagailuak agertu dira Las Vegasen. ChefJet eta Chefjet Pro makinek bolumena eta pieza artikulatuak dituzten objektuak sortzeko gaitasuna dute. Haurren askariak ez dira berdinak izango hemendik aurrera.

 Smartwatch edo erloju adimentsuak. Azken belaunaldiko sakelakoek dituzten funtzio berberak betetzen dituzte. Dagoeneko ez da fikzioa deiak egin edo Whatsappak bidaltzea norbere eskumuturrari hitz eginez. Ezta ere aplikazioak instalatu eta jokoetan jolastea erlojuan bertan. Bide batez, teknologia jantzi egin daitekeela erakutsi dute, aurreneko modeloetako sport itxura alde batera utzita.

Erloju dotore eta serioagoak ikusi ahal izan ziren azokan, eta Pebble Steel izenekoa nabarmendu zen guztien artean. Aurretiaz ere eta aho betez merkatuko smartwatch onena izandakoa, orain metalezko akaberarekin aurkeztu dute. Xarma berezia daukan aukera da, ez baita etxe handi baten babespean egindakoa. Kickstarter atarian finantzaketa kolektiboaren bitartez egia bihurtutako proiektua da.

Jokoak, lizentzia libreak, Mahaigaina, Multimedia, musika, Software Librea

Bideokontsola libreen aldia ote da?

SteamControllerSteam bideo jokoen banaketa digitalerako plataformak aurreneko hedatzeko zantzuak adierazi zituen harako otsailean, ordura arteko sistemetatik komertzialki ohikoa ez den Linux ingurunera jauzia eginda.

Lan nekez horretan, bideo txartelei etekin optimoa ateratzeko arazoak izan zituzten, eta kontrolatzaileek berridaztea baino beste konponbiderik ez zuten izan. Orduko izerdiak gaurko irriak bihurtu dira, eta bideo kontsola propioa kaleratzeko etenik gabeko zurrumurruen ostetik, Valvek hiru iragarpen egin berri ditu, baten ordez. http://zibergela.bitarlan.net/2013/02/21/steam-bideo-jokoen-banaketa-digitalerako-euskarria-ubuntun/.

SteamOS

Erabat doako sistema eragilea da SteamOS, oinarrian Linux software librea daramana. Bideo jokoak gauzatzera zuzendua dagoen ingurune optimizatua aurkeztu dute, eta dauden beste aukeretatik at dago eskaintza hori. Halaber, edozein PC edo Mac ordenagailutan instalatu, eta, etxeko sarea erabiliz, egongelako telebistan jokatzea egongo da Steam bideo jokoen biltegiko katalogoko 3.000 jokoetan. Hori gutxi ez, eta aisialdirako tresna osoagoa izatea nahi dutenez, musika, telebista eta pelikula zerbitzuak txertatzekotan dabiltza hemendik gutxira. Dena dela, gaur-gaurkoz streaming era hau posible izan dadin, ezinbestekoa izango da Smart TV edo Interneterako sarbidea duen telebista edukitzea.

Steam Machines

Valveren nahien artean ez dago bideo kontsola propioa ekoiztea, eta hainbat konpainiarekin hitzarmenak lortu ditu bakoitzak bere makina kaleratu dezan. Oinarritzat sistema eragilea partekatuko dute; SteamOS. Horrela, makina eta sistema ireki bat eskaini nahi zaizkie jokalariei; haien nahietara egokitzen den konfigurazioa daukan gailua aurkitzeko adinakoa. Prezio, errendimendu eta zehaztapen askotariko makinak izango direnak, alegia. Dagoeneko 300 prototipo dauzkate, eskaera egiten duten boluntarioek probatu dezaten.

Steam Controller

Aginte iraultzaile hori, etxeko etorkizuneko kontsolen kontrolagailua izateaz gain, bateragarria izango da orain arteko ordenagailuetarako Steam biltegiko jokoekin. Berezitasunez josia dator, jokalari zaleenek edo hardcore deituek gogokoen duten teklatu-eta-sagu kontroletik hurbilen dagoen esperientzia bilatzen duena.
Xehetasunetara jota, 16 botoi dauzka Steam Controllerrak, baina deigarriena erdian dagoena da. Alde batetik, bi gainazal irristakor daude; hatz lodiekin jokoak zehaztasunez maneiatzeaz gain, elektroimanen teknologiari esker indar eta dardarak ere itzultzeko gaitasuna izango dute. Bestetik, botoi gisa konfiguratu daitezkeen lau eremuko, ukipenezko eta bereizmen handiko pantaila dauka aginteak.

Telebista azpirako Linux sistemadun PC txikia baino gehiago?

Arrasto guztien arabera, Ubuntu-ra haien joko eskaintza zabaltzea, ez zen itsu-itsuan egindako apustua izan. Ingurune horretara bideo jokoak moldatzeko ahalegin hura plan handiago baten lehen fasea izan zen, inondik inora. Eta orain, iragarpen hauekin guztiekin, Steam bideo kontsolen lehen lerroan jarri da. Valvekoak bideo jokoen plataforma unibertsala sortzen dabiltza, harpidetza berarekin joko biltegi erraldoi batez gailu desberdinez sartzeko. Irekia izango da, gainera. Esaterako, haien software guztia askatuko dutela adierazi dute komunitateak moldatzeko edota aldaera propioak sortzeko. Haien makinetan lehentasunezko sistema eragilea ordezkatu ahal izango da, eta Steam biltegira sarbidea mantenduz, piezak aldatu ahalko dira berriengatik ordezkatzeko, eta abar.

Amu gisako kalitatezko produkzioen faltarik ere ez da egongo, eta SteamOS sistemarako esklusiboa izango da «Half-Life 3» bideo joko ezaguna, sagak dauzkan jarraitzaileak profitatzeko balioko duen mugimendu komertzialean.

Hala, iragan asteburuko albiste zaparrada honek aho bete hortz utzi ditu sinestunenak ere. Etorkizuneko negozio ereduaren giltzarria ote da? Edo jendeak ezagunak dituen ohiko Play Station, Xbox eta Nintendoren alde jokatzen jarraituko ote dute dirua? 2014. urtea erabakigarria izango da bideo jokoen mundua kode librera gertura- tzeko lehen ahalegin nabarmenean.