android, Aplikazioak, Apple, musika, Sakelako Telefonoak, tabletak

Spotify musika zerbitzua, orain doan telefono eta tabletetan

spotify-ipad-200313Spotify streaming edo Internet bidez entzuteko gehien hedaturiko musika zerbitzua da, hein batean, abesti eskaintza zabalena daukalako. Edozein abeslari zein kanta entzun daiteke bertan.

Ordenagailurako, telefono eta tabletentzako bertsioak ere aurki daitezke doan. Harpidetza bidez dabilen zerbitzua da, eta doako zein ordainpeko Premium zerbitzuak eskaintzen ditu.

Mugarik gabeko harpidetzagatik hilero ordaintzekoa 9,99 eurokoa da. Hala ere, aldeak gutxitu berri dira. Doako erabiltzaileek, tarteka iragarkiak jasotzearen truke, musika debalde entzuteko aukera zuten ordenagailuan, baina, aldiz, telefono edo tabletatik egiteko, Premium izatea ezinbestekoa zuten. Hori iazko abendura arte izan zen, orain egoera bestelakoa baita.

Bata zein bestea, aldea 

Spotify telefono eta tabletetarako doako egin dute, Pandora edo iTunes Radio lehiakideekin parekatuz. Doako erabiltzaileek ere musika soinean eraman dezakete horrela, muga gutxi batzurekin. Premium erabiltzaile gehiago biltzea da asmoa, probatu ostean zerbitzua motz geratu eta ordaintzera animatuko diren esperantzan.

Doako bertsioan, entzuteko musika zerrenda ausazkoa da, eta orduko sei alditan egin daiteke jauzi hurrengo kantura. Premium kontuak, mugarik ez izateaz gain, abestiak deskargatzeko bidea ematen du: konexio txarra dagoenean etenik gabe entzuteko, nahiz Internetik gabeko eremuetan, berdin entzuten jarraitu ahal izateko.

Hori bai, batean zein bestean, ordenagailuan sortutako norbere zerrendak entzun daitezke. Baita artista zehatz baten abestiekin osatutako ausazko zerrendak edo irratiak ere.

Aplikazioak, Apple, formakuntza, Hezkuntza, tabletak

ShowMe, azalpenak jasotzeko arbel interaktiboa

photo (1)showmeiPaderako ShowMe aplikazioa, arbel baten antzekoa izaki, idatzizko azalpenak gorde eta partekatzen dituen irakaskuntzarako baliabidea da. Erabiltzaileak tabletaren pantailan marrazten duena grabatzen du, eta esatariaren ahotsa ere bideoan jasotzen. Sortutako materiala sarean nahiz aplikazioan gordetzen da, eta, ostean, nahi denarekin parteka daiteke.

Askotariko erabilpenak izan ditzake, baina nabariena irakaskuntzan ematekoa da. Zerbait azaldu nahi duena libre da jakintza hori partekatzeko komunitatearekin. Ohikoena, baina, irakasle batek arbelean behin eta berriz azaldutakoa gordetzean emandako erabilpena izango da; ikasleek nork bere martxan berrikus dezaten ikasgaia. Eskuz egindako adierazpenak izatea du abantaila. Horrela, ordenagailuz sortutako aurkezpenak eta eskemak baliagarriak dira, baina, beste era honetara, ikastea naturalagoa da: azalpenak eman ahala zirriborroak eta oharrak zuzenean nola eransten diren erakusten duelako. Izan ere, ez da sekretua, hori menperatzen duten irakasleek arrakasta izaten dute ikasleei ondo irakasten.

home-hero-1.png.pagespeed.ce.gSZQEJQKaY

Urrutirago joan gabe, hezkuntza sistemak aintzat hartzeko moduko baliabidea da ShowMe eta iPad bikoteak osatutakoa; bolo-bolo dabilen Flipped classroom edo buelta emandako ikasgelaren metodologia berrian, hain zuzen ere. Irakaslearekin ikasgelan ariketak lantzen diren artean, etxean ikasleek nork bere martxan azalpenak bideoz jasotzea lortu nahi baita. ShowMe aplikazioa doan dago deskargagarri App Storen. Webgunean, http://www.showme.com/, komunitateak eskuragarri utzitako ikasgaiak ikus daitezke, gaietan antolatuta gainera.

Apple, Mac, Mac OS X, Mahaigaina, Microsoft, Ofimatika, Sistema Eragileak, tabletak

Appleren udazkeneko loreak

Appleren udazkeneko loreaLondresko Keynote bilkuran aho bete hortz utzi zuen mundua Applek. Bosgarren belaunaldiko iPad berrien aurkezpena eta Mac ordenagailuentzako sistema eragilea doako egitea izan ziren berrikuntza nagusiak. Beste hau ere ederra: Apple gailu berri bat erosten dutenei doan emango dizkiete iWork bulegotika paketea eta iLife multimedia programa bilduma.

Bestelakorik ere ekarri zuen urriak Cupertinoko enpresan. IOS 7 telefonoentzako eta tabletentzako eguneraketa eskuragarri dago iPhone eta iPadetan. Itxuraz, eguneraketen eta baliabideen kudeaketa naturalagoa ekarri ditu horrek. Ondo dagoena imitatzea zilegi da, eta Android sistemari kopiatu dizkiote jakinarazpenen goiko txokoa, atzeko planoko aplikazioen kudeaketa eta konektatzeko teknologien beheko panela.

Doan eman, geroago jasotzeko

Mac ordenagailuen sistema eragilearen azken bertsioa doan emateko Appleren erabakiak interpretazio asko izan ditzake. Hasteko, bistakoa da hura deskargatu eta erabiltzera ausartuko direnak gehiago izango direla. Eta horrek, beste sistemetako bezeroak erakartzeaz gain, software denda itxira edo App Storera bideratu ditzake audientzia berriak. Ez da salbuespena gainera, estrategia aldaketa baizik. MacOS X Mavericks honetaz gain, ondorengoak ere horrela izango dira. Applek egoera berria baliatu zuen Microsoft lehiakidea zigortzeko. Windowsen eta Officen ordainpeko lizentziak kritikatu, eta haien baliokideak Mavericks eta iWorks goraipatu zituen, alegia.

Tableta hoberenak izaten segitzeko iPadak

IPad Air eta iPad Mini Retina berriak aurkeztuta, tabletetan parekorik ez duela erakutsi du berriz ere Applek. Nexus lerroko tableten erronkari eutsi, eta gainerako lehiakideekin aldea handitzea lortu dute oraingoan. Kalitatea areagotu, eta besteek eskaintzen ez dutena dakarte iPad berriek. Beste behin ere, tableten merkatuan erreferente izatera itzuli da iPad marka, Air eta Mini aldaerekin. Salgai daude azaroaren 1etik Euskal Herri osoan. Zurian edo beltzean eros dezakete erabiltzaileek.

IPad Air da Appleren harribitxia, eta aurreko bertsioak baino arinagoa izateagatik datorkio izena. Tabletaren hamar hazbeteko tamainari eutsiz, markoa %43 txikitu diote, pantailaren mesedetan. Lodiera eta pisua ere murriztu dizkiote, 7,5 milimetrora eta 453 gramora, hurrenez hurren.

Beti esan ohi da tabletak nahiko erraz hausten direla. Halakorik gerta ez dadin, inoizko iPadik gogorrena omen da honakoa, gainera. Hardware aldetik, berriz, etxeko A7 prozesagailua jarri diote. Eta, horri esker, aurreneko iPada baino zortzi aldiz bizkorragoa eta grafikoki 72 aldiz ahaltsuagoa da.

Gailuaren beste zehaztapenak aipatze aldera, 5 megapixeleko iSight kamera dauka. 1080p bereizmeneko bideoak grabatzeko balio du kamera horrek, besteak beste. Aurreko aldeko FaceTime HD kamera aldatuta, bideokonferentzien kalitatean jauzia nabaria da. Alde bitarako mikrofonoa dauka; horrela, aldi berean hitz egitea dago, solaskideek elkar zapaldu gabe. 479 euro balio duen wifidun sinpleenetik hasita eta 699 euroko LTE konexioa duen iPadera, bertsio desberdinak dira merkatuan jarri dituztenak.

Gainera, iPad Mini edo Appleren 7 hazbeteko tabletaren urteurrenean, haren eguneraketa merkaturatu dute. Mini Retina jarri diote izena. Pantailaren bereizmena 2.048×1.532 pixeletara igo, eta iPad Air handiagoenarekin parekatu dute. Honi ere A7 txipa txertatu diote, handiaren antzeko errendimendua lortu ahal izateko.

Hala ere, gutxiagorekin nahikoa dutenek, aurreko iPad Mini txikia eskuragarri izango dute dendetan, Mini Retina berriak ez baitu ordezkatuko. Zaharra 299 eurotik hasita dago salgai, eta berria 399 eurotik aurrerako bertsioetan merkaturatzea erabaki du Applek.

Berrikuntza horiek gutxi ez balira bezala, itxura guztien arabera, 13 hazbeteko iPada ere laster iragarriko dutela zabaldu da hainbat lekutan.