Batik bat sortzaile eta marrazkilariek maiteko duten egundoko aplikazioa dago eskuragarri iPad tabletentzat. Izan ere, gaur-gaurkoz, atzamarrak ukipenezko pantailei eragiteko erabiltzea erosoa bada ere, askori motz geratzen zaie, zehaztasun faltagatik. Teknologiek dakarten muturreko praktikotasunak arte plastikoa eragozteko beldurrez-edo, FiftyThree taldekoak harago joan dira, eta aurreko premisaren kondaira eraitsi dute Paper-ekin. Pentsatu dutena da, nonbait, arazoa ez dela atzamarrekin egitea, baizik eta gainean marrazten dugun orriarena: egon badira bestelako sormenezko aplikazioak, baina bakar bat ere ez horrenbesteko zehaztasuna duena.
Diseinua eta oharren sormenaren erdibidean dagoen aplikazioaren funtsa, egunerokotasunean eta bat-batean etorritako burutazioak idatzi edo marraztean legoke (diagramak, eskemak, ilustrazioak, eta abar); gero, amaraunean parteka daitezke. Azken egiteko hori errazten dute integratuta dakartzan sare sozialek. Paper barruan, koadernoka antolatzen da informazioa. Bilduma desberdinak bailiran, norberak izendatu eta betetzen dituen bereizmen handiko oihal zuriak dira. iPad berrien erretina pantailetara doitzerainoko zehaztasuna daukate Paper-en emaitzek, 2048×1536 pixel bereizmenekoa. Ondorioa da, oihalaren gainean geratzen den tintak lodiera asko erakusten dituela, sits eta bits edo zehaztasun txundigarriz trazatuz akuarela lerroak edo arkatz markak.
Deskarga doakoa da, baina, lehentasunez, pintzel beltza bakarrik dago eskuragarri. Gainontzeko lanabesak lortzeko, ordaindu beharra dago. Horrela, arkatza, estilografikoa, errotulagailua eta akuarelak nahi badira, banaka har daitezke, edo, guztiak dakartzan Essentials paketean eskuratuko dira 5,99 euroren truke. Paper, App Store-an dago deskargatzeko, erreferentzia gehiagorako: http://www.fiftythree.com/paper.
Hasieran aisialdira mugatutako jostailua ziruditen arren, aurrerakuntza nabarmena izan zuten tabletek, bulegotika aplikazio sendoen agerpenari esker. Ohitura falta besterik ez da, baina tabletei leporatzen zitzaien gabezia zera zen: karpetak eta fitxategiak lokalki gordetzeko ezintasuna. Kasu batzuetan, aplikazio bakoitzaren arabera egin zitekeen. Beraz, guztia denda birtualetatik deskargatutako aplikazioekin egin beharrak hasieran moteldu egin zuen tresna horiek hedatzea. Batetik, sarearen bidezko zerbitzuen arrakastak (Google Drive, Dropbox eta enparauak) eta, bestetik, azken belaunaldiko sakelako telefonoen paradigmara jendea ohitzeak merkatura itzultzeko parada eman diete tabletei.
Garaiak aldatzen doazen seinale, joera berriak agertu dira berriki, eta programazio informatikoa da horren adibideetako bat. Tabletak baleko programazio ingurune egiten dituzten aplikazioak agertu dira, eta umeentzako zein nerabeentzako bideo jokoak ere argitaratu dituzte, jolasaren bidez programatzeko gaitasuna gara dezaten.
Jolastuz programatzen ikasteko bideo jokoak
Hakitzu: Code of The Warrior bideo jokoak erakargarriak diren robot pertsonalizagarrien bidez bereganatzen du umeen arreta. Lehiak txandaka izaten dira, gastatzeko puntu kopuru bati lotuak. Tabletako teklatutik JavaScript komando sinpleak lotuz, joko zelaiaren beste aldera joan eta arerioaren terminala hackeatu edo pirateatu behar da. Bide batez, bestearen morroiak borroka ikusgarrietan menperatzen badira, hobeto. Pasa den apirilaren 1az geroztik, eskuragarri dago doan Hakitzu, App Storen.
Ondorengoa ez dago tabletentzat, baina merezi du aipua, programatzeko ingurune berrien adibide nabarmenena baita. CodeSpells da bideo jokoaren izena, eta proiektuaren atzean Kaliforniako UCSD Jacobs ingeniarien eskola dago. Kasu honetan, programazioa magia gisa adierazten da, jokalariek idazten dituzten madarikazioak Java kodea baitira. Aurrekoa baino askoz aurreratuagoa da honen programazio maila; beraz, nerabeentzat egokiagoa dela esan daiteke. Hezkuntzarako baliabide ikusgarria dirudi, baina eragozpena, oraingoz, zera da: Mac OS X euskarriarentzat soilik deskargatzeko aukera. Windows bertsioa aurki izango omen da prest. Informazio gehiago nahi duenarentzat: https://sites.google.com/a/eng.ucsd.edu/codespells/home.
Bideo jokoekin ezinbesteko gaitasunak eskuratu daitezke, eta horiek baino apustu argiagorik gutxi dago norabide horretan. Ikusteko dago ikasteko nahia sortzeko adinako punch-a daukaten, joko eta hezkuntza tresnaren erdibidean dauden proposamenok. Azkenaldian, aditu zirkuluetan bolo-bolo dabilen eredua balizkoa dela frogatuko lukete.
Plataformen arteko programazio inguruneak
Eramangarritasuna eta erosotasuna doan izan arren, eginkizun astunak egiteko gabeziak leporatu izan zaizkie beti tabletei. Baina hodeiko zerbitzuek dakarte beste behin ere konponbidea. Orain, tabletetatik zuzenean has daiteke garapen berria, edo ordenagailuari lotu, kopiatu behar dena eta nahi den lekutik jarraitu.
Textastic testu editorea, adibidez, horretaz baliatzen da tabletari etekina ateratzeko: ohikoenak diren programazio sinboloekin aberastutako teklatua dakar, eta aplikazioak, kodea ulertu, eta kolorez nabarmentzen du hainbat programazio lengoaiatan. Textastic webgintzako teknologietara bideratuta dago gehienbat. Horientzako askotariko aurrebistak nahiz kodeko hitz bereziak automatikoki betetzeko laguntzak dauzka, HTML, CSS eta PHP lengoaietarako.
Fitxategiak inportatzeko orenerako ere hainbat aukerarekin da bateragarria (FTP, SFTP, WebDAV, Dropbox…). App Store dendan dago eskuragarri, iPad, iPhone eta Mac OS X sistemetarako. Haien arteko komunikazioa balio gainjarri eta erabilgarria da.
Android inguruneetarako ere hainbat testu editore daude aurrekoa bezalako ezaugarriekin; 920 Text Editor da aukera osoena. Google Play dendan daudenen artean aipatzekoak dira ondorengoak ere: DroidEdit, Webmasters HTML Editor eta TouchCode, besteak beste.
Lantzean behin, telefono eta tablet erabiltzaileek aplikazioen eguneraketen berri jasotzen dute. Utzikeriagatik sarritan, makina bat App berritu gabe uzten dira abisuei entzungor eginda. Agerkari horien zeregina da, besteak beste, erabiltzaileak jakinaren gainean jartzea, aplikazioentzat eskuragarri daudela, edota aldaketa, funtzio hedakuntza zein akatsen zuzenketak egitea. Tarteka agertzen diren eguneraketei esker, garatzaileak gai dira erabiltzaileei eskaintzeko hobekuntzak nahiz aukera berriak emateko. Interfazearen aurpegi aldaketa bat izan daiteke, Android-erako Whatsapp-arekin berriki egin duten gisara; edo funtzio erabat berria izan daiteke, Google Currents aplikazioan sartu duten albisteak irakurri bitartean entzuteko aukera bezala.
Are gehiago esan daiteke eta zentzudunena, eguneraketak ageri ahala instalatzea da. Hain zuzen ere, hainbatetan berrikuntzaz gain, aurkitutako akatsak zuzendu edo datuen lapurtzeak eragozteko adabakiak edo partxeak baitira jasotzen direnak.
Non eta nola eguneratu
Android sistemen erabiltzaileek, 4.0 Ice Cream Sandwich bertsiotik aurrerakoek behinpein, jakinarazpen horiek pantailaren ezker-goialdean jasotzen dituzte. Horietako bati klik eginda, Google Play dendako eguneraketak ikusteko aukera legoke. Oharkabean galdu dutenek -edo bertsio zaharragoetako erabiltzaileek- zuzenean dendara joan, menu botoiari eman eta “Nire aplikazioak” aukera eginda eskuragarri dituzte, era berean. Android euskarrietan gainera, garatzailearen orrian hautatu daiteke aplikazio horren eguneraketak argitaratu ahal norbere gailuan instalatzeko.
iOS euskarrien jabeek bestalde, ez dute aplikazioen eguneraketen berri agerkari bidez jasotzen. Horren ordez, aplikazio bakoitzak adierazten du jakinarazpenik duen haren lasterbidearen gainean gorriz inguratutako zenbaki batekin; kasu honetan, zenbat aplikazio dauden berritzeko zain adierazten du App Store lasterbideak. Oharra balego, App Store-n sartu eta Updates edo eskuinerengo atakan izango da eguneraketak dituzten aplikazioen zerrendaren berri. Deskarga automatikoak gaitzea badago, baina ez banaka hautatzeko.
Bietan ere, banaka hautatu daitezke berrikuntzak, edo erosoagoak izanez, guztiak batera deskargatu. Hala ere, eguneraketaren azalpenari muzin egin eta sorpresa desatseginik ez izateko, ezinbestekoa da jaso diren aldaketei adi izatea; litekeena baita gogoko den ezaugarri bat galtzea batetik bestera, adibidez.
Ziztu bizian datu-kontsumoa agortzeko arriskupean
Instalatzeko eman eta minutu batzuen buruan prest izan artean, datu kontsumo bat dago. Abiadura motelagoa da, eta hileko kuota agortu daiteke, telefonoko Interneta erabiltzen bada WiFi-aren ordez. Ezarpenetara joan eta eguneraketa eta besteriko deskargak Wifi sarbidetik bakarrik egitera mugatzeko aukera baliagarria dauzkate. Eguneraketa deskarga automatikoa aktibatuta dagoenean baliagarria da, beraz: iOS kasuan Ezarpenetara joan eta “iTunes and App Store” atalean aukeratu daiteke datu mugikorrak ez baliatzea; Android-en, Google Play dendaren Ezarpenetan.