Internet

Interneten historia

Internet4Internet egunero erabiltzen dugu, eta batzuk konektatuta daude etengabe, etxean, lanean, sakelako telefonoan. Ezinbesteko baliabidea bihurtu da, baina atzera begira, gezurra badirudi ere, ez da pasatu hainbeste denbora, lehenengo enpresak edo entitateak internetera konektatu zirenetik eta are gutxiago lehenego etxebizitzak. Zer esanik ez, egungo tarifa lauak edo etengabeko konexioak, heldu ziren momentua ez dago batere urrun.

ARPANET, Interneten hasierak

Interneten historiaren lehen lerroak 1960. hamarkadan hasi ziren eta J. C. R. Licklider-rek, AEBko fisikari, matematikari eta psikologoak, idatzi zituen. Licklider-rek garai horretan jada, lehenengo sarea garatu baino lehen, aurreikusi zuen pentsamendu-gune erraldoi bat non gizakiek eta makinek elkarrekin lan egiten zuten sarean eta auzolanean gizartearen mesederako.

Ideia horretan oinarrituta ARPANET jaio zen. ARPANET lehenengo ordenagailu saretzat hartzen da. AEBko defentsa sailaren eta unibertsitatearen azpiegituraren bitartez sortu zen 1969an eta 1990 urtera arte Interneteko ardatz nagusia izan zen. Horrela, 1971n 23 ordenagailu zeuden konektatuta ARPANETera, unibertsitateetan eta ikerketa gune ezberdinetan. 1981ean 213 ordenagailu zeuden konektatuta eta kopuru honek handitzen jarraitu zuen, honela, 1983an 500 ordenagailu izatera iritsi ziren. ARPANET ez zen sare hierarkikoa, nodo guztiak ekipotenteak ziren eta ardura berdina zuten sarean.

Posta elektronikoa 1972 urtean asmatu zen eta urte bat beranduago trafikoaren %75 zerbitzu honi zegokion, bistan dago, honezkero zerbitzu honek lortutako arrakasta. FTP 1973an jaio zen ARPANETen fitxategien mugumendua errazteko.

TCP/IP egungo Interneteko oinarria

Interneten historiaren hurrengo inflexio-puntua, TCP/IP protokoloen garapena izan zen, ikerketa urte askoren ostean, 1983an protokoloen diseinua amaitu zen eta gaitu zen. Protokolo hauek arautzen dute egungo ordenagailu sareen diseinua eta garapena. Eta sortzaileen asmoa izan zen bitarteko sendoak sortzea informazioa era fidagarri batean garraiatu ahal izateko ordenagailu sareetan.

Teknologia honen arrakasta puntuetariko bat, ziur aski aurkezteko era izan zen. Izan ere, TCP/IP protokoloen diseinuak banakako txosten irekiak bezala hedatu ziren zientzilari eta ingeniarien artean, era horretan, sortzaileek ez ezik, beste guztiek ere iradokizunak eta iruzkinak egin ahal zituzten hasierako diseinuaren inguruan eta horrela, teknologia hobetu. Protokoloen dokumentazio ireki hau erabiltzen jarraitzen da, RFC edo Request for Comments (Iruzkin eskaerak, euskaraz) dute izena eta zenbaki batekin bereizten dira, dokumentu bakoitza Internet protokolo edo teknologia bakoitzari dagokio. Helbide honetan kontsultatu ahal dira ingelesez: http://www.rfc-editor.org/RFCoverview.html#history. Adibidez, HTTP protokoloaren RFCa, RFC 2616 da eta helbide honetan http://tools.ietf.org/html/rfc2616 ikus daiteke.

Mundu Zabaleko Amarauna, WWW

WWW (World Wide Web) edo web, Mundu Zabaleko Amarauna euskaraz, 1989 urtean jaio zen eta teknologia honen bitartez Interneten dagoen informazio erraldoia lotuta dago, hiperlink deritzonak erabilita. Tim Berners-Lee izan zen asmatzailea eta WWW osatzen duten hiru zutabe diseinatu zituen. Alde batetik, web zerbitzaria, hau da, eskatzaile bati web orrialdeak ematen ddizkion aplikazio bat, eskatzailea, web arakatzailea izaten da. Beste alde batetik, HTML lengoai informatikoa web orrialdeak eraikitzeko eta haien arteko loturak sortzeko erabil daitekeena. Hirugarrenik, HTTP protokoloa, web orrialden transmisiorako nabigatzaile eta zerbitzariaren artean.

Internet, Sareak

Web komunikazioa eta protokoak

httpInternet erabiltzen denean, kontuan hartu behar da komunikazioak gauzatzen direla gailu ezberdinetatik, ezaugarri ezberdinekin eta sistema ezberdinekin. Gainera, aplikazio ezberdinak erabili ahal dira Internet zerbitzu bakoitzaz baliatzeko. Edozein garatzailek ere, sortu ahal izango lituzke aplikazioak Internet zerbitzu ezberdinak erabiltzeko edo zerbitzu horiek beraiek emateko, badela web nabigatzaile bat, badela posta elektronikoa irakurtzeko aplikazio bat edo posta elektronikoak zerbitzatzen dituen aplikazio bat, esaterako. Hala, bada, makina, sistema eta aplikazio ezberdinen artean komunikazioa gauzatzea posiblea izan dadin, gizartean bezala, protokolo ezberdinak zehaztu eta hitzartu behar dira elkar ulertzeko. Internet eta bere zerbitzu ezberdinak erabili ahal izateko, protokolo sistema bereziki konplexua erabiltzen da, protokolo anitzekin hierarkikoki antolatuta eredu ezberdinen arabera. Artikulu honetan, soilik goreneko mailan, hau da, aplikazio maila deritzonean web komunikaziorako erabiltzen direnak besterik ez dira ikusiko.

Bezero-zerbitzari arkitektura

Aplikazio maila honetan erabiltzen diren protokolo eta zerbitzuek bezero-zerbitzari gisa ezagututako arkitektura erabiltzen dute. Horrek esan nahi du, Interneteko makina batek aplikazio edo zerbitzu bat sisteman kargatuta daukala eta zerbitzu hau ataka logiko batetik etengabe entzuten ari da eskakizunen zain. Ataka logiko horiek, zenbakiekin bereizten dira, lehenengo 1024 ataka finkatuta eta estandarizatuta daude eta soilik mota zehatz bateko zerbitzu bat izan ahal da ataka horretan entzuten. Zerbitzu hauei, zein zerbitzu hauek ostatzen dituzten ordenagailuei, zerbitzariak deitzen zaie. Komunikazioan parte hartzen duen beste aldeari, zerbitzariari eskakizunak egiten dion aplikaziori, bezeroa deitzen zaio. Horregatik Thunderbird edo Microsoft Outlook bezalako aplikazioak, adibidez, posta elektroniko bezeroak bezala ezagutzen dira. Bezero aplikazioek egiten dutena da, zerbitzarira konektatu eta komunikazio tutu birtual bat zabaltzen dute zerbitzaria entzuten ari den atakatik, behin konexioa gauzatuta, komunikazioa hasten da hari birtual horretatik eta bezeroek eskakizunak egin ahal dizkiete zerbitzariei eta erantzunak jaso.

HTTP

HTTP, HiperTestu Trasnferentzia Protokoloa hitzetatik dator eta protokolo honen xedea Interneten nabigazioa baimentzea da, html lengoaiaz idatzitako edukiak, hipertestua, alegia, prozesatzen dakien nabigatzaile baten bitartez. Beraz, http edo web zerbitzariak prestatuta daude web nabigatzaileen eskakizun anitz jasotzeko eta eskakizun horiei erantzuna emateko, eskatutako orrialdeak zerbitzatuz. Zerbitzu honi 80 ataka egokitu zaio eta beraz, zerbitzu hau ematen duten zerbitzariak, 80 atakan entzuten ari dira normalean, hau oso kasu berezietan aldatu ahal bada ere. Horrenbestez, nabigatzaileek konexio bat sortzen dute, eskatutako web helbideari dagokion zerbitzariarekin 80 atakan, beste bat ez bada zehazten. Hortik aurrera, has daiteke elkarrizketa eta komunikazioa nabigatzaile eta web zerbitzariaren artean. Web nabigatzaile asko daude, MS Internet Explorer, Safari, Opera edo Google Chrome esaterako, eta nola ez, software librea den Mozilla Firefox. Web zerbitzarien artean erabilienetarikoa Apache da, MS Windowserako eta Unix eta GNU/Linux sistemetarako eskuragarri dago eta software librea ere bada. Hemendik jaitsi daiteke: http://httpd.apache.org/download.cgi. Cherokee web zerbitzaria ere hainbat sistema eragiletan exekuta daiteke eta software librea da, hemen dago eskuragarri: http://www.cherokee-project.com/downloads.html. Microsoft sistemetan IIS ere nahiko ezaguna da.

Web komunikazio ziurra: HTTPS

HTTPS, HiperTestu Trasferentzia Protokolo Segurua da, horrenbestez, HTTP protokoloaren bertsio ziurra da, berdin ibiltzen da baina besteak beste, garraiatzen den informazioa zifratuta joaten da eta protokolo hau erabiltzen duten webguneek nortasun ziurtagiri bat eskuratu ahal dute nabigatzaileek baieztatuko dutena. Protokolo honetarako erabiltzen den ataka 443a da. Protokolo hau erabiltzen denean, nabigatzailearen helbide barran https:// ikusiko da http:// ikusi beharrean. Gainera, askotan, beste kolore batekin ikusten da helbide barra eta giltzarrapo bat erakusten dute nabigatzaileek helbide edo estatu barran. Protokolo hau erabilita motel daiteke nabigazioa, baina askoz ziurragoa da, horregatik erabiltzen da datu pribatuak dituzten webguneetan eta banku webguneetan, horrela izan beharko litzateke, gainera.