Aplikazioak, Internet

Wikiak: Elkarlanerako tresna

wiki1Interneten edukiak elikatzeko baliabideen artean, ezagunenak blogak dira. Baliabide hauen bitartez, norbanakoak, elkarteak edo enpresak artikulu eta sarrera ezberdinak argitaratzen joan daitezke. Orokorrean artikulu edo sarrera bakoitzak pertsona bakarrak idazten du.

Wikiak, ordea, elkarlanerako eta informazioa, dokumentuak edo web orrialdeak taldean sortzeko eta elikatzeko pentsatuta dagoen baliabidea da. Beraz, oso baliabide aproposa da auzolanerako eta informazioa taldean eta elkarlanean sortzeko eta mantentzeko.

Zer da wiki bat

Wiki hitza hawaiieratik dator, wiki wiki esamoldetik; arin-arin esan nahi du euskaraz. Ward Cunningham izan zen wiki sistema batean oinarritzen zen lehenengo webgunearen sortzailea. Hala, bada, wiki sistema batekin, hainbat erabiltzailek era erraz eta azkar batean sortu, aldatu eta ezabatu ditzakete loturak eta testua formatuarekin elkarlanean. Horretarako nabigatzailea eta sare konexioa baino ez da beharrezkoa. Gainera, wikietan erraz berreskura daitezke eduki ezberdinen lehengo bertsioak eta bertsio zaharrak. Dokumentu edo orrialde bakoitzean egin diren aldaketen historikoa gordetzen delako.

Wiki sistemak maila guztietan dira erabilgarriak auzolanean informazioa kudeatzeko, enpresentzat zein elkarteentzat. Esaterako, dokumentu bakarra adosteko eta lantaldean idazteko edo enpresaren ezagutza kudeatzeko erabil daiteke.

Wikipedia, wiki adibiderik nabarmenena

Wikipedia wikien emaitza nabarmenetariko bat da. Wikipedia entziklopedia eleaniztuna da, Interneten kontsulta daiteke eta, beste web entziklopediak ez bezala, auzolanean osatzen da; hau da, edonork sor dezake artikulu bat, edo jada dagoen bat osatu, nahi duen hizkuntzan. Wiki aplikazio erraldoia dela esan liteke, hori delako artikuluak idazteko eta osatzeko era, eta hitz horretatik hartu du izena. Gaur egun, ospe handiko entziklopedia bilakatu da Interneten, eta oso erabilia da. Hau da euskarazko wikipediaren helbidea: http://eu.wikipedia.org/ da.

Wikiak sortzeko baliabideak

Baliabide ezberdinak daude wikiak debalde sortu ahal izateko. Batzuk, doako zerbitzuak dira nahi duenak wikia on-line sortu ahal izateko eta beste batzuk dira aplikazio libreak Interneteko ostatze zerbitzu propio batean edo intranet pribatu batean instalatu eta inplementatu ahal izateko. Edozein kasutan sortzen diren wikiak publikoak izan ahal dira (edonork ikusteko eta soilik baimena dutenek elikatzeko) edo pribatuak (soilik ikusi eta elikatu ahal dituzte baimenak dituzten erabiltzaileek). Horrela, wikia nahi den bezain itxia edo irekia izan daiteke. Adibidez, Interneten aurkitu daitezke guztiz irekiak diren wikiak non edozein erabiltzailek ikusi eta elikatu dezaketen edo oso itxiak, non soilik baimena duten erabiltzaile batzuek ikusi eta editatu dezaketen.

Wikia on-line sortzea oso erraza da eta ez du behar inolako azpiegiturarik, nabigatzailea eta Internet konexioa baino ez. Web zerbitzu hauen artean oso ezaguna da Wikispaces http://www.wikispaces.com. Honen bitartez oso era erraz batean kudeatu ahal da wiki bat. Bi aukera eskaintzen ditu, bat doakoa norbanakoentzat, elkarteentzat edo ikasleentzat eta beste bat ordainpekoa enpresentzat. Wikispaces bezala, beste zerbitzu batzuk ere badaude wikiak sortzeko, adibidez Wikia: http://www.wikia.com, XWiki http://www.xwiki.com edo Writeboard http://writeboard.com/, Google Docs bera ere uler daiteke Wiki filosofiatik, zeren eta dokumentuak partekatu ahal baitira, lantaldean osatu eta aldaketen historikoa gordetzen baita.

Wikia nork bere zerbitzarian edo intranetean eratu nahi izanez gero aukera ugari ere badaude. PHPWiki http://phpwiki.sourceforge.net/ , adibidez PHPz garatuta dago eta hainbat datu base ezberdinekin ibili ahal da; DokuWiki http://www.dokuwiki.org ere oso ezaguna da, gainera azken honek ez du behar datu baserik testu fitxategiak baino ez ditu erabiltzen, aurrekoa bezala PHPz garatuta dago. Beste programazio lengoaietarako ere alternatibak daude: MoinMoin http://moinmo.in/ Python-ez garatuta dago, OpenWiking ASP-z, eta aintzinetariko bat, UseModWiki Perl-ez garatuta dago.

Internet

Jakintza, ‘on line’ elkarlanean

wikimediaDenbora pasa ahala, Internetek ekarri duen oso lorpen garrantzitsu bat, jakintza kolektibo bat eratzea izan da, arlo-anitza, kultur-anitza eta eleanitza. Jakintza hau etengabe eguneratuta egoten da, kasu batzuetan ia-ia denbora errealean, web 2.0 baliabideei esker, blogak, wikiak, foroak, hau da, erabiltzaileek parte hartzea ahalbidetzen duten baliabideak. Honen ondorioz, neurri batean, liburu potoloek osatutako entziklopediak, atlasak eta bestelako formatuak zaharkituta gelditu dira. Izan ere, egun, informazioa eta datuak bilatzea, arinagoa da Internet bilatzaile batera joatea, oso eguneratuta egoten da, askotan bakoitzaren hizkuntzan, eta onena, batzuetan, informazio hori osatzea edo beste bat sortzea posiblea da. Beraz, edonor izan daiteke jakintza sortzailea, ohiko liburuetan ez bezala.

Wikipedia

Gai honi hartuta, zaila da Wikipedia ez etortzea burura, gainera, nork ez du ezagutzen entziklopedia askea dagoeneko. Izan ere, erraldoia da jada on-line entziklopedia hau, doakoa eta elkarlanean elikatua. Hiru milioi artikulu baino gehiago ditu ingelesezko edizioak, gaztelerazkoak 500.000 baino gehiago, frantsesezkoak 800.000 baino gehiago eta euskarazkoak ia 46.000 artikulu jada. 271 hizkuntzatan dago eta hizkuntza guztiek 14 milioi artikulu baino gehiago osatzen dituzte, hara hor datu guztiak: http://meta.wikimedia.org/wiki/List_of_Wikipedias. Britainiar Entziklopediak berak konpetentzia garrantzitsutzat jotzen du Wikipedia. Ez hori soilik, hain zuzen ere, Britainiar Entziklopediari, Wikipediaren artikuluren baten edukia kopiatzea ere leporatu zaio. Arestian esan den bezala, doakoa da entziklopedia hau eta edozein artikulu eskuragai dago edonork irakurtzeko. Baina, hori baino, on-line entziklopediaren garrantzirik handiena da edonork ere elika dezakeela, alegia, nornahi bihurtu ahal da entziklopedia idazle. Izan ere, entziklopedia hau wiki sisteman oinarrituta dago, sistema honek, ahalbidetzen du baimendutako erabiltzaileek edo kasu honetan bezala, erabiltzaile guztiek, artikuluak osatzea edo sortzea artikulu berriak. Artikulu baten aldaketa bakoitza, historiko batean gordetzen da, horrela, aldaketa ez zuzen edo ez zehatz bat egonez gero, berreskuratu daiteke aurreko kopia. Jende askok mesfidantza dauka sistema honetan, baina wiki sistema hau, asko erabiltzen da dokumentuak, txostenak eta informazioa orokorrean elkarlanean garatzeko. Gainera, oso komunitate handia dago atzetik eta oso eguneratuta egoteaz gain, edozein akatsa egonez gero ere arin aurkitzen da.

Wikipedia: http://wikipedia.org/

Wikipedia euskaraz: http://eu.wikipedia.org/wiki/Azala

Wikimedia proiektu nagusia

Wikipedia ezagunena izan arren, proiektu handiago baten atal bat da. Wikimedia du izena proiektu erraldoi honek: http://www.wikimedia.org/ eta Wikipedia bezala, beste hainbat proiektu dauzka jakintza jasotzeko eta emateko, nahi izanez gero. Halaber, wiki filosofian ere oinarrituta daude. Wiktionary , esaterako, hiztegi bat da. Proiektu honen web gune orokorra hau da: http://wiktionary.org/ eta euskarazko bertsioa hau: http://eu.wiktionary.org. Wikiquote, esaera eta aipuak biltzen dituen proiektua da, hau da proiektuaren web gunea: http://wikiquote.org/. Euskarazko bertsioa ere badauka proiektu honek: http://eu.wikiquote.org/wiki/Azala. Euskal atsotitz bilduma, esaterako oso interesgarria da: http://eu.wikiquote.org/wiki/Euskal_atsotitzak. Wikibooks proiektuak liburuak, eskuliburuak eta tutorialak eskuragai jartzea du helburu, hau da web gune orokorra: http://wikibooks.org eta hau euskarazko atala: http://eu.wikibooks.org. Wikisource on-line liburutegi bat da argitalpen libreen jatorrizko edukiak dituena, http://wikisource.org da proiektuaren web gunea eta zer aurki daitekeen jakiteko, Hamlet izan daiteke adibide bat: http://en.wikisource.org/wiki/Hamlet. Wikinews da berri iturri bat, eta bertan, inork idatz dezake, filosofia hau duten beste proiektuetan bezala: http://wikinews.org/. Wikiversity da ikasteko plataforma bat, non maila guztietako ikasketak aurkitu ahal dira, lehenengo hezkuntza, bigarren hezkuntza edo Unibertsitatea. Euskarazko edukirik, oraingoz ez dago, baina, hona hemen proiektu nagusiaren web gunean beste hizkuntza batzuetan edukiak aurkitzeko: http://wikiversity.org. Wikispecies, natura espezie direktorioa izan nahi du: http://species.wikimedia.org. Wikimedia commons multimedia edukiak batzen dituen proiektua da, hor daude jakintzarekin zerikusirik duten irudiak, audioak, bideoak, animazioak eta abar. Izan ere, hainbat argazki ikusgarri aurki daitezke, proiektuaren azalean proposatzen da eguneko irudi bat. Web gunea hau da: http://commons.wikimedia.org

OpenStreetMap

Proiektu hau ez da Wikimediarena. Baina, antzeko filosofia du. Munduko mapa elkarlanean osatzea du helburu. Mundu osoa ikus daiteke, herriz herri eta kalez kale, mundu osoko kolaborazioei esker. Hainbat GPStan posiblea da jada erabiltzea OpenStreetMap proiektuaren mapak. Era berean GPS trazak ere proiektura inportatu daitezke mapak elikatzeko. Oso eguneratuta egoten da, edozein aldaketekin, errepideetan, esaterako.

http://www.openstreetmap.org/