android, Aplikazioak, Apple

iOS eta Android aplikazioen eguneratzeei entzungor?

20130403-102429.jpg

Lantzean behin, telefono eta tablet erabiltzaileek aplikazioen eguneraketen berri jasotzen dute. Utzikeriagatik sarritan, makina bat App berritu gabe uzten dira abisuei entzungor eginda. Agerkari horien zeregina da, besteak beste, erabiltzaileak jakinaren gainean jartzea, aplikazioentzat eskuragarri daudela, edota aldaketa, funtzio hedakuntza zein akatsen zuzenketak egitea. Tarteka agertzen diren eguneraketei esker, garatzaileak gai dira erabiltzaileei eskaintzeko hobekuntzak nahiz aukera berriak emateko. Interfazearen aurpegi aldaketa bat izan daiteke, Android-erako Whatsapp-arekin berriki egin duten gisara; edo funtzio erabat berria izan daiteke, Google Currents aplikazioan sartu duten albisteak irakurri bitartean entzuteko aukera bezala.

Are gehiago esan daiteke eta zentzudunena, eguneraketak ageri ahala instalatzea da. Hain zuzen ere, hainbatetan berrikuntzaz gain, aurkitutako akatsak zuzendu edo datuen lapurtzeak eragozteko adabakiak edo partxeak baitira jasotzen direnak.

Non eta nola eguneratu

Android sistemen erabiltzaileek, 4.0 Ice Cream Sandwich bertsiotik aurrerakoek behinpein, jakinarazpen horiek pantailaren ezker-goialdean jasotzen dituzte. Horietako bati klik eginda, Google Play dendako eguneraketak ikusteko aukera legoke. Oharkabean galdu dutenek -edo bertsio zaharragoetako erabiltzaileek- zuzenean dendara joan, menu botoiari eman eta “Nire aplikazioak” aukera eginda eskuragarri dituzte, era berean. Android euskarrietan gainera, garatzailearen orrian hautatu daiteke aplikazio horren eguneraketak argitaratu ahal norbere gailuan instalatzeko.

iOS euskarrien jabeek bestalde, ez dute aplikazioen eguneraketen berri agerkari bidez jasotzen. Horren ordez, aplikazio bakoitzak adierazten du jakinarazpenik duen haren lasterbidearen gainean gorriz inguratutako zenbaki batekin; kasu honetan, zenbat aplikazio dauden berritzeko zain adierazten du App Store lasterbideak. Oharra balego, App Store-n sartu eta Updates edo eskuinerengo atakan izango da eguneraketak dituzten aplikazioen zerrendaren berri. Deskarga automatikoak gaitzea badago, baina ez banaka hautatzeko.

Bietan ere, banaka hautatu daitezke berrikuntzak, edo erosoagoak izanez, guztiak batera deskargatu. Hala ere, eguneraketaren azalpenari muzin egin eta sorpresa desatseginik ez izateko, ezinbestekoa da jaso diren aldaketei adi izatea; litekeena baita gogoko den ezaugarri bat galtzea batetik bestera, adibidez.

Ziztu bizian datu-kontsumoa agortzeko arriskupean

Instalatzeko eman eta minutu batzuen buruan prest izan artean, datu kontsumo bat dago. Abiadura motelagoa da, eta hileko kuota agortu daiteke, telefonoko Interneta erabiltzen bada WiFi-aren ordez. Ezarpenetara joan eta eguneraketa eta besteriko deskargak Wifi sarbidetik bakarrik egitera mugatzeko aukera baliagarria dauzkate. Eguneraketa deskarga automatikoa aktibatuta dagoenean baliagarria da, beraz: iOS kasuan Ezarpenetara joan eta “iTunes and App Store” atalean aukeratu daiteke datu mugikorrak ez baliatzea; Android-en, Google Play dendaren Ezarpenetan.

android, Aplikazioak, Apple, Microsoft, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, Sareak

Whatsapparen gurpil zoroan

whatsapp-spotbros-lineAzkeneko mugimenduei begiratu besterik ez dago ikusteko Whatsapp nora ezean dabilela. Hasieratik ere, bidegabea zen lizentzia eredua zeukan mezularitza aplikazioa, lehen eta bigarren mailako erabiltzaile taldeak bereizten zituen: hots, Symbian eta iOS erabiltzaileak 0,89 euro ordaintzera behartzen ziren deskargatzeagatik; Android euskarridun erabiltzaileek, berriz, doan jaitsi zezaketen Whatsapp aplikazioa. Askoren amorrua piztu arren, gehiengoak erabilitako tresna izateagatik horrelakoak egin zitzakeen, eta ados ez zegoen gutxiengoa baztertzeko adinako pribilegioa eman dezake.

Orain azaleratu den tranpa txiki bat zeukan, baina, estrategia horrek atzean: lehendabizikoek lizentzia mugagabe eskuratzen zuten, baina bigarrenek —musu truk lortzen zutenek— urtebeterako erabilpenera mugatua zuten lizentzia (Androidetako bertsioen konfigurazio atalean begiratu daiteke hori). Hala ere, mugara iristen zenak ez zuen pairatzen desberdintasunik, baimena beste urtebetez luzatzen zitzaiolako, iragan otsailean politika aldaketa egitea erabaki zutenera arte. 89 zentimoko bidesaria asko ez den arren, gurpil-zoroa abiarazi zuten Whatsapparen arduradunek, eta ordutik komunikabideetan oihartzuna izan duten adierazpen eta zurrumurruak etengabeak izan dira. Ez da erraza esaten tanteatzen dabiltzan ekaitzaren begitik nola irten, edo haien kontrako erasoak besterik ez diren; baina onena, orain dela egun pare bat jaso zen: oraindik ordaindu gabe zeuden Android erabiltzaileek ez zutela mezularitza aplikazioagatik ordaindu beharko iragarri zuten. Garbi dago bezero asko sutu zituela horrek, desorekak handiagotuko lituzkeelako erabaki horrek; ez euskarri desberdinetako erabiltzaileen artean oraingoan, txarragoa baizik: Android plataforma berdinean kutxatik pasatakoen eta oraindik beharrik izan ez zutenen artean.

Azken zantzuen arabera, eta Jan Koum Whatsappeko zuzendari exekutiboaren ahotik, zurrumurruak faltsuak ziren: gezurra da aplikazioak doakoa izaten jarraituko duela Android erabiltzaileentzat. Hemendik atera daitekeen ondorioak ere kontrajarriak dira: batetik, hasieratik erabiltzaile guztientzat irizpide bateratua izatea mesedegarri litzaieke orain. Baina, bestetik, ez al dira iritsi merkatuko tontorreraino politika horri esker? Garbi dagoena da irizpide dantza horren ondorioz erabiltzaile askok bizkarra eman diotela Whatsappi eta itzulerarik izan ohi ez duen bideari ekin diotela.

Esanak esan, jendearen ahotan egotea omen da kontua; gaizki esaka nahiz bestela, publizitatea beti delako onuragarria. Argi dagoena da mauka ederra utzi dietela lehiakideei.

Spotbros

Doan eta letra xehe gabe, alternatiba direnen artean entzutetsuenak Line eta Spotbros dira. Bigarren honi buruz esatekoak utzi genituen jada: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/18/spotbros-aplikazioa-whatsappari-merkatua-jan-nahian/.

Getxotarren asmoa orain Ameriketara joatea omen da, milioi bat erabiltzaileren muga gainditu berritan. Hego Amerikako merkatuetan sendotu nahi dute orain dela bost hilabete hasitako bide arrakastatsua. Gogoratu, Spotbros pribatutasunagatik bereizten dela besteengandik eta irrintzia edo shout ezaugarriari esker gertu dauden ezezagunei mezuak bidali ahal izategatik.

Line

Line japoniarrari buruz asko esan daiteke. Eta Whatsapp aplikazioari bezero gehien kentzen dion zerbitzua da. iOS, Android, Blackberry eta Windows Phone sistemetan erabil daiteke; eta mezuak bidaltzeaz gain, deiak egiteko aukera ere eskaintzen du. Berezitasun nabarmenena da ordenagailutik sartzeko bertsioa daukala, eramangarritasunean eta erosotasunean irabazten du horrela. Lineren arrakasta, baina, sticker izena duten ilustrazioen erabilpenean datza. Hauek emotikonoak ordezkatzen dituzten pantaila osoko anime erako marrazkiak dira. Urtarrileko datuen arabera, Linek 100 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu munduan.

android, Aplikazioak, Apple

Gaika, hondakinak kudeatzeko aplikazioa

Hondakinak ondo kudeatzen laguntzen du Gaika izeneko aplikazioak. Astebeteko bizia dauka, eta Gaika Bilketa taldearen ekimenez sortu dute. Aplikazioa baliagarria da atez ateko hondakinen sistemarako, bost edukiontzi dituzten herrientzako eta baita konpostagailua etxean dutenentzako ere.

Gaika abiarazi bezain laster herria eta hizkuntza zehaztu beharko dituzte erabiltzaileek; horren ostean, haien aukeretara egokitutako hondakinak behar bezala bereizten laguntzeko informazio eskerga lortuko dute: zalantza dagoenean, bota nahi den horren izena sar daiteke, eta hondakina biltzeko egutegia eta ordutegia jasoko du; bestela, egutegiaren sinboloari eman eta asteko planifikazioa ikus daiteke.

Gai bakoitza ateratzeko ordutegi eta egutegi horiek erakusten ditu ondorengo herrientzat: Astigarraga, Hernani, Oiartzun eta Usurbil. Herri gehiagori buruzko informazioa lortu ahala eguneratuko dutela adierazi dute, eta, horrela, hurrengo egunetan Itsasondo, Legorreta eta Zaldibiko datuak ere prest egongo omen dira.

Gaika Android euskarrietarako garatu dute, eta eskuragarri dago Google Play dendan dagoeneko. iOS sistemen erabiltzaileek zain egon beharko dute apur batean, bertsio honetan lanean baitabiltza oraindik. Bien bitartean, deskargatu, probatu, birziklatu eta proposamenak helarazteko aukera dago blogean: http://gaikabilketa.blogspot.com.es/.