android, Aplikazioak, Apple, elkarlana, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging

JumpCam, telefonoekin bideo kolaboratiboak sortzeko

jumpcamTeknologia berriek jendeari eskaintzen dizkioten baliabideak askotarikoak dira. Komunikaziorako eta informazioa zabaltzeko erabiltzen direnak izango lirateke esanguratsuenak. Besteak beste, smartphone-arekin ateratako erretratua etxekoen edota lagunen telefonoan momentuan partekatu daiteke. Ez da harritzekoa, beraz, plataforma desberdinetan bideo aplikazioak etenik gabe agertzea.

Besteengandik bereizten duten aukerak dakartza JumpCam aplikazioak. Lagunekin nahiz etxekoekin bideoak elkarlanean sortzeko aukera ematen du. Gutxi dira bakoitzak bere aldetik eskuratutako zatiekin osaturiko pelikulak sortzen dituztenak. Era berean, partaideek ez dute leku berean egon beharrik bideo horiek sortu ahal izateko. Hona gertakari baten bilduma egiteko edo zorion agurrak grabatzeko tresna bikaina.

Beste era batera esanda, bideoen sare sozial bat bezalakoa da JumpCam. Edukiak grabatu eta editatzeko aukerak ditu, txukun ateratzeko. Facebook kontua duenak, gainera, erregistratu beharrik gabe erabil dezake. Horrela eginda, denbora aurrezteaz gain, lagunak bilatu daitezke haien bideoklipak batzeko.

Grabazio eta edizio aukerek ez dute bestelako misteriorik. Hamar segundorainoko bideoak grabatzea da aurreneko aukera; gero, filtro bat aukeratu behar zaio pelikulari; titulua ezarri, eta, nahi izanez gero, lehentasunezko doinuetako bat ere ezar dezake erabiltzaileak. Edozein egoerari laguntzeko soinuak daude aukeran. Azkenik, bideoari ekarpenak egiteko laguntzaileak hautatu behar dira zerrendatik. Pribatutasun arazoak saihesteko aukerak ere badira. Bideoak nork ikusi hautatzea dago, edo, bideoei eransketak debekatzea. Tamalez, pixka bat errepikakorra egiten da, bideo guztiek egitura berdina izaten baitute.

JumpCam eskuragarri dago Android eta iPhone telefonoetan, Google Play eta App Storen, hurrenez hurren.

android, Aplikazioak, Apple, formakuntza, Hezkuntza, Internet, Irisgarritasuna, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elhuyar ZTH Hiztegia, iOS eta Android-etan pronto

elhuyar2Irailetik eskuragarri dago, dohainik, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa aplikazio gisa. iOS eta Android euskarrientzako prestatuta dago. Zientzia eta teknologia arlo guztietako informazioa biltzen duen euskarazko lehen hiztegi entziklopedikoaren aplikazioa da. Webgunean eskuragarri dagoen guztia, aurrerantzean sakelako eta tabletetan ere era erraz batean kontsultatu ahal izango da. Proiektu hau, zientzia alorretan sailkatutako 1.500 irudiz apaindutako 23.000 kontzeptu inguru dituen hiztegia da.

Oso aplikazio interesgarria da zientzia edo teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen edozeinentzat: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, itzultzaileak, gurasoak… Kontsultak egiteko aukerak ere zabalak dira, eta sartu nahi den hitza euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo latinez egon, emaitza berdin jasoko da. Itzulitako emaitza horrek, sartutako hitzaren euskarazko definizioa bueltatzen du, eta hitz horren ordainak, berriz ere, aipatu hizkuntzetan.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, NFC, qr kodea, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elgeta Memoria edo Intxortako Bataila bertatik bertara bizitzeko aplikazioa

web-banner_contentElgetako Udalean, Intxortako borrokaldien berreskurapena eta herriko bestelako baliabide turistikoak modu berri eta ezberdin batean plazaratu dituzte. iOS eta Android gailuentzako aplikazio baten bidez, alegia. Motzean, Elgeta Memoria aplikazioa instalatu eta lekura bertara hurbiltzen direnek, Intxorta mendiaren magalean 1936-37ko gudan gertatutakoen kontaketa jasoko dute.

Interesgune ezberdinetako informazio-fitxa, bideo eta audio-gidak eskuratzen dira sakelakoan, QR kodigoak eta hurbileko irrati uhin bidezko komunikazioa edo NFC puntako baliabideak erabiliz. Hala, bisitariek ibilbidea egin eta kokaleku zehatz batzuetatik pasa ahala, besteak beste, tiro hotsez girotutako pasarteak interaktiboki jasoko dituzte, gertaeran murgilduz bisitaria. Bakoitzak bere airera, eta bidean ezarritako kodeei argazkia ateraz, nahiz telefonoa panelera hurbilduta funtzionatzen du.

Intxortako ibilbide tematikoa arindu, erabat multimedia bihurtu eta Euskal merkatuan parekorik ez duen baliabidea da. Elgeta Memoria doakoa da App Store eta Google Play-n. Bestelako gailuetatik sartzeko, http://elgetamemoria.com/ helbidetik egitea dago.