android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Allthecooks App, sukaldaritza behin betiko menperatzeko errezeta bilduma

allthecooks.comEtxetik joan berri direnentzat ezinbestekoa, eta zerbait berria probatu nahi dutenentzat baliagarria suertatuko da Allthecooks Recipe Search aplikazioa. Are gehiago, errezeta berriak partekatzeko edota sukaldeko zalantzak argitzeko, erabiltzaileen laguntza aprobetxatzen du. Era bateko zein besteko ekarpenak funtsezkoak dituen sukaldarien sare soziala da Allthecooks.

Horrela izan dadin, erabiltzaileen irisgarritasunari edo erosotasunari berebiziko garrantzia eman diote, eta iOS gailuetarako nahiz Android sistemako bertsioez gain, Allthecooks.com web aplikazioa baliatu daiteke; eskatzetik eskuragarrien dagoen gailua edozein dela, eragozpena izan ez dadin.

Komunitatearen atxikimendua funtsezkoa

Sare sozialekin integratuta dator, eta Google+ edo Facebook kontuaren bidez erregistratzen direnek errezeta berriak gehitu ditzakete, jada daudenei oharrak jarri, aldaketak egin edo zalantzak argitu ditzakete. Komunitate aktiboa da, eta prestaketan sortutako zalantzek berehala daukate oihartzuna, jendeak bizkor erantzuten dituelako eskaerok. Parte hartutako errezetaren eguneraketen abisuak pasatzeaz ere arduratzen da aplikazioa agerkari bidez; foro bat balitz bezala funtzionatzen du.

Ondorioa da gailu eramangarrietan hedatuenetarikoa den sukaldaritzako aplikazioa dela munduan, ia 150.000 errezeta biltzen ditu. Horietako bakoitzak informazio eskerga dakar: osagaiak, prestatzeko pausoak, informazio nutrizionala, besteen iruzkinak edo egileak platerari egindako argazkiak. Erosketen zerrenda osatzeko modua ere badago, eta aukeratutako plateren osagaiak saski nagusian erregistratuko dira, geroago merkatuan kontsultatu ahal izateko.

Hainbeste jaki artean bilatzea ere ez da arazoa, osagaien, izenaren edo kategoriaren arabera egin ahal baitira bilaketak: prestatzeko errazak, postreak, lehen platerak, barazkiak edo hamaiketakoak. Atal berezi bat ere badago: errezeta etnikoena. Hor Euskal kategoria (Basque Recipes) ere aurki daiteke dagoeneko, besteak beste patata tortilla bitxi bat egiteko jarraibideekin.

Aipatu zerbitzuez gain, SMS mezu bidez edo Twitter bitartez ere partekatzerik badago nahi den hori. Eragozpen bakarra hizkuntza bakarra ingelesa izatearena da. Allthecooks aplikazioa doan deskargatu daiteke App Store eta Google Play dendetan.

GNU/Linux, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak, Ubuntu

Esku bete Ubuntu

Ubuntu_touchCanonical enpresakoek sakelakoetan eta tabletetan ordenagailu bat eramatetik gertuen dagoen proiektua eskainiko dute laster: Ubuntu Touch, ukipenezko pantailadun gailuentzako sistema eragilea. Norbere patrikan bertan, Ubuntu osoa sartu eta smartphone txikienen edo tableten zirkuituetan nola mugitzen den ikusi besterik ez dago merituaz jabetzeko. Behin betiko bertsioa kaleratzeko albistearen zain, garatzaileek probatu dezaten, bertsio bat dago eskuragarri otsailetik.

Sakelako eta tablet bertsioak software libreko sistema eragile ezagunaren hedapen estrategiaren azken mugarriak dira; Ubuntu telebista zerbitzuari, zerbitzari nahiz ordenagailuentzako sistemei edo hodeiko zerbitzuari batzen zaizkienak. Ubuntu TV-k urte beteko bidea darama jada: http://zibergela.bitarlan.net/2012/01/25/ubuntu-tv/.

Ordenagailu oso bat patrikan

Ubunturen mahai gaineko interfazearen edo Unity-ren bidez eskaintzen den esperientzia berdina eman nahi diote erabiltzaileari. Web aplikazioetan oinarritutako sistema eragile bat da haien proposamena, HTML 5 estandarra oinarritzat daukan ingurune arina. Ohiko telefonoek Java darabilte, errekurtsoak jaten dituen bihurgailu bat eskatzen duena (Java makina birtuala). Hala, hardware moteleneko smartphone orok ere, sufrikario hori kenduta, Ubuntu zailtasunik gabe mugi dezake, eta kalitate grafikoa gorde.

Horretaz gain, pantaila osora doitutako diseinua, aplikazioen arteko nabigazio intuitiboena, ordenagailuarekin informazioa partekatzea edo pertsonalizatzeko aukera zabala dakartza Ubuntu for Phone-k. Bide batez, telefonoa pantaila handi batera konektatuta, ordenagailu baten moduan erabil daiteke; funtsean, sistema baliokidea baita: pantaila txikian eramatekoa den ordenagailua bezalakoa. Litekeena da, baina, Androidera ohituta daudenek haien sistemarentzat erosi dituzten aplikazioak galdu nahi ez izatea, eta hala ere, Ubuntu haien sakelakoan erabiltzeko gogoa izatea. Bada hori egiteko modua, eta ordenagailua izango balitz bezala, erabili nahi den sistema eragilea aukeratzea abioan. Horretarako, eta prozesagailu bikoitzeko edo dual-core sakelakoa dutenentzako, Ubuntu for Android geruza dago eskuragarri.

Sakelakoen merkatua konpetentzia gorriko ingurunea da, eta kode irekidun sistemek erronka latza daukate erabiltzaileen atxikimena lortzeko.

Tabletan ere, Ubuntu

Aurrekoaren onura berdinak dakartza tabletetara Ubuntuk. Gainera, ordenagailua izango balitz bezala, hainbat erabiltzaileren artean aukeratu eta autentifikatu ostean, bakoitzak bere kontu propiora sarbidea dauka, norbanako bakoitzarentzako konfigurazio eta aukerekin. Iraultzailea, baina, Side Stage izeneko ezaugarria da: pantailaren albo batera, bigarren aplikazio bat exekutatu ahalko da, leiho txiki batean ikusiz. Tablet batean aurreneko ataza aniztasuna edo multitasking efektua litzateke.

Aipatu bezala, ukipenezko Ubunturen behin betiko bertsioa oraindik falta dela, probatzekoa instala dezaketen gailuak mugatuak dira: Galaxy Note, Nexus 4, Nexus 7 eta Nexus 10. Horietako baten jabeentzat, Ubuntu probatzeko (nahiz Android-era itzultzeko) jarraibideak ondorengo estekan daude: https://wiki.ubuntu.com/Touch/Install.

Zaharrak berri: Ubuntu ‘Rairing Ringtail’ 13.04 berritua

Eraginkortasunean finduta eta berrikuntza esanguratsueik gabe kaleratu dute mahai gaineko aurtengo bertsioa. Raring Ringtail ez da LTS gisakoa, edo bost urteko sostengua jasotzen dutenekoa, bederatzi hilabetekoa baizik.

Esandakoak esanda ere, Ubuntu 10.10 bertsioan estreinatu zenetik Unity interfazea abiaduragatik kritikatu izan dute, eta Google+ sare sozialeko Teknozale euskal komunitatean jaso denez, alderdi horretatik oraindik ere herren da Ubunturen bertsio berria.

android, Aplikazioak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Sherpa 2.0, Android-erako ahots bidezko agintearen azken bertsioa

sherpa1

Sherpa izeneko aplikazioa urrian plazaratu zenean, ez zen bakarra Android sakelakoak ahots bidez kontrolatzeko balio zuena, baina berehalako arrakasta izan zuen. Bizkaiko Anboto enpresa izan zen ekarpenaren egilea. Baina, besteak beste, abiaduragatik kritikatua izan zen. Orduan ere, iOS-eko Siri-ren parean jartzen zuten batzuek, baina jadanik, Apple-ren aplikazioaren gainetik jarri da zalantzarik gabe.

Orain, Sherpa 2.0 okerrak zuzendu eta gaitasunak areagotuta dator, hainbat berrikuntzaz hornituta. Itxura berritu diote interfaze grafiko berria sartuta, HOLO izenekoan oinarritua. HTML 5 integratuta ekartzean, ikusgarritasunean irabazi du; eta bilaketa motore berria ezartzearekin emaitza hobeak jasotzen dira; erantzuteko denborak ere nabarmen hobetu dira.

Ahots bidezko aginte sistemak ezaugarri dibertigarri moduan sortu ziren, baina Sherpa berri honek hautsak harrotuko dituela dirudi, jada erabiltzailearengandik ikasi eta pertsonalizatutako informazioa itzultzen baitu. Era berean, nahi den musika hautatu eta streaming bidez entzuteko aukerari orain kontzertuetarako sarrerak erosteko aukera gehitu diote.

Android 2.2 bertsiotik aurrerako euskarrietan ezinbesteko bihurtuko da aplikazioa; informazioa, laguntza edo beste eginbeharrekoak hitz eginda soilik beteta ikusteko lanabes bikaina baita. Azkenik, horrelako aplikazioen zailtasunik handiena hizkuntza menperatzea da, eta Sherpa ondo moldatzen da espainieraz; ingelesez ere eskuratu daiteke nahiago bada, probatzen baitabiltza. Informazio gehiago, aplikazioaren webgunean dago: http://sher.pa/.