Multimedia

VLC 2.0 Twoflower bertsio berria kalean dago

vlc_20Iragarrita zegoen bezala VLC-k bere erreproduzigailu ezagunaren belaunaldi berri bat kaleratu du. VLC 2.0 “Twoflower” izendatu du bertsio berri honi. Proiektuaren webgunean, http://www.videolan.org/#download, deskargatu daitezke sistema eragile ezberdinetarako bertsioak.

Berritasunei dagokienez, deskodifikazio abiadura hobetu da nagusiki eta kalitate handiko formatu gehiagorekin lan egiteko aukera eskaintzen du. Baina aldaketarik nagusiena Mac bertsioan nabaritu daiteke non interfaze konplexuagoa aurkituko duten bertsio berria instalatzen duten erabiltzaileek. Aldaketa horren xedea multimedia eduki osoa kudeatzeko aukera gehitzea omen da. Hala ere, nolabait, aldaketa honekin Mac OS X sistema eragileetan, erabiltzaile askok maite zuten erreproduzigailu erraz eta arin horretatik urrundu da eta multimedia eduki osoaren kudeatzailea izateko bide erdian gelditu da.

Multimedia

Bideoekin lan egiteko aukera libreak

bideo edizioaArgazkiekin batera, bideoen bitartez gordetzen dira norberaren bizitzaren oroitzapen garrantzitsuenak, umeen lehenengo urratsak, bidai ederrak, sendiarekin izandako bizipenak, lagunekin bizi izandako une bereziak edo dibertigarriak. Halaber eta asmo “serio” edo “hotzagoekin” arlo profesionalean bideoa asko erabiltzen den formatua da. Enpresaren aurkezpena, produktu edo proiektu berezi baten aurkezpena, helburu didaktikodun bideoak, besteak beste. Bideoak besterik gabe grabatu daitezke eta lana hortxe bukatuko litzateke, baina, argazkien kasuan bezala, edizioarekin beti lor daiteke lan txukunago bat eta ukitu pertsonalago bat eman dakioke.

Bideo-edizioa, argazki-edizioa bezala, lan neketsua eta konplexua izan daiteke, honetarako arlo horretan diharduten profesionalak daude. Baina, hobekuntza eta aldaketa batzuk egitea edonoren esku dago, batez ere horretarako aplikazio libre anitz daudenean.

VirtualDub

VirtualDub bideoak kapturatzeko eta editatzeko baliabide doakoa da. MS Windows sistemetarako garatuta dago eta sistema eragile honen bertsio gehienetan egikari daiteke. Gainera, bertsio eramangarria ere badauka aplikazio honek, beraz, USB memoria batean eraman daiteke edozein ordenagailutan erabili ahal izateko, beti MS Windows sistema batean, hori bai. Aplikazioaren webgunea http://www.virtualdub.org da, bertan dago dokumentazio osoa ingelesez eta aplikazioa deskargatzeko aukera. Aplikazioa bera ere ingelesez dago. Bertsio eramangarria hemendik deskargatu daiteke: http://portableapps.com/apps/music_video/virtualdub_portable.

Avidemux

Avidemux ere bideoak editatzeko aplikazio doakoa da, MS Windows, GNU/Linux eta Mac OS X sistemetarako bertsioak jaitsi daitezke. Audio eta bideo formatu anitzekin lan egin dateke aplikazio honen bitartez. Erabiltzaile batzuek VirtualDubekin antzekotasun handia aurkitzen diote, hala ere, Avidemux erabiltzea errazagoa suerta daiteke. Hona hemen deskargatzeko webgunea: http://avidemux.berlios.de/download.html.

GNU/Linux sistema eragilean

Avidemux ere GNU/Linux sistemetan erabil badaiteke ere, Ubuntun eta GNU/Linux sisteman orokorrean, Cinelarra, Kino edo KDEnlive aplikazioak ezagunagoak dira. Aplikazio hauek pakete biltegitik deskargatu daitezke Ubuntu eta GNU/Linux bertsio gehienetan. Hala ere, proiektu bakoitzari buruzko informazioa lortzeko edo eskuz deskargatzeko, hona hemen hurrenez hurren aplikazio bakoitzaren webguneak: http://cinelerra.org, http://kinodv.org eta http://www.kdenlive.org.

KDEnlive Mac Os X sistemetan ere erabil daiteke.

Formatuen arteko bihurketak egitea

Batzuetan, erreproduzgailu batean edo bestean ikusteko, edo bideoa txikitzeko, formatuz aldatu behar da. Hala, bada, bideoa editatzeko helburu bakarra formatuz aldatzea besterik ez bada, aurrekoak baino aplikazio sinpleagoak erabil daitezke. Izan ere, badaude aplikazio batzuk bideo formatuen arteko bihurketak egitera soilik bideratuta eta normalean, bideoak editatzeko aplikazioak baino txikiagoak eta errazagoak dira. Horren adibide bat, WinFF aplikazioa da. Aurrekoak bezala, aplikazio librea eta doakoa da. MS Windows eta Ubuntu zein GNU/Linux banaketa ezberdinetarako paketeak daude. Aplikazio eramangarri bat ere deskargatu daiteke. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://winff.org/html_new/downloads.html.

Bideoekin lan egiteko beste aplikazio interesgarriak

Kinovea aplikazioak bideo sekuentzia bat kamara geldoan ikusteko eta aztertzeko aukera eskaintzen du. Era berean, puntu gako eta garrantzitsuak bereiztea eta marrazkiak zein oharrak txertatzea ahalbidetzen du. MS Windows sistemetan erabil daiteke eta http://www.kinovea.org webgunetik deskargatu daiteke. Aplikazio hau oso baliagarria izan daiteke entrenatzaileentzat eta kirolarientzat zein bideoen bitartez kontzeptuak irakatsi behar diren profesionalentzat, medikuak, esate baterako.

Bestetik, CamStudio aplikazioaren bitartez ordenagailuaren pantaila graba daiteke, audioa zein bideoa. Bideoak Flash edo AVI formatuetan sor daitezke. MS Windows sistemetan erabiltzeko prestatuta dago eta hemendik deskargatu daiteke: http://camstudio.org/.

Aplikazioak, Multimedia

Adaptable GIMP, GIMP erabiltzen hasteko eta ikasteko aplikazioa

GimpIrudiak aldatzeko GIMP edo Photoshop bezalako aplikazioak oso erakargarriak dira erabiltzaile askorentzat baina, aplikazio hauek zailtasuna izaten da askotan erabiltzen hasteko muga. Aplikazio hauek baliabide asko dituzte eta aniztasunak, askotan, zailtasuna ere ekartzen du eskutik helduta. Zenbat eta aukera gehiago egon aplikazio batean erabiltzeko konplexuagoa izaten da. Ba GIMPen kasuan oztopo horiek gainditzeko xedearekin Adaptable GIMP aplikazioa sortu zen.

Jakina den bezala GIMP irudiak aldatzeko aplikazio librea eta doakoa da eta Mac Os X, Ubuntu edo GNU/Linux eta MS Windows sistemetan instalatu eta erabili ahal da. Adaptable GIMP aplikazioa GIMP-en  oinarrituta dago eta beraz, azken hau ere librea eta doakoa da. Adaptable GIMP MS Windows sistemetan zein GNU/Linux sistemetan instalatu eta erabil daiteke. Proiektuaren webgunean deskargatu daitezke bertsio ezberdinak eta iturburu kodea: http://www.adaptablegimp.org. Bertan ere proiektuari buruzko informazio ezberdina aurki daiteke. Aplikazioari buruzko blog bat ere sortu dute, hona hemen helbidea: http://adaptablegimp.blogspot.com/.

GIMP eta Adaptable GIMP

Adaptable GIMP-en aplikazioaren instalazioak ez du eraginik izango ohiko GIMP aplikazioarekin, hau da, Adaptable GIMP eta GIMP aplikazio biak batera instalatuta egon daitezke sisteman eta halaber, Adaptable GIMP desinstalatuz gero, ez du eraginik izango ohiko GIMPean.

Adaptable GIMP abiaraztean, wikiaren kontua eskatzen du, baina esan ahal zaio konturik gabe jarraitzeko, ez da batere beharrezkoa aplikazioa erabiltzeko.

Adaptable GIMP ohiko GIMP bezalakoa da itxura eta erabilera aldetik, aldatzen den bakarra tresna-kutxa da. Hain zuzen ere, hau da Adaptable GIMPek daukan berezitasuna GIMPekin alderatuta. Tresna-barra eraldatuta dago erabiltzaileak egin nahi duen lana errazteko eta lana egiten laguntzeko.

Task setak

Tresna-kutxan task set deritzonak aukeratu ahal dira, task set hauek ataza-multzoak dira. Edo hobeto esanda, ataza edo lan bat burutzeko jarraipenak dira, urratsez urrats. Era honetan, tresna-kutxan, erabiltzaileak aukeratzen du zein lan egin nahi duen eta behean agertzen dira bakarrik lan hori burutzeko baliabideak. Gainera, baliabide bakoitzaren ondoan ikono urdin bat dago, baliabide edo ataza hori nola edo zertarako den azaltzen duena bertan klik eginez gero. Era berean, aukeratutako ataza-multzo edo lanari buruzko informazioa behar izanez gero, lanaren ondoan ikono berdintsu bat aurkitu daiteke nahi den informazio hori ikusteko.

Lanak ataza-multzotan sailkatzeko aukera honek ez du esan nahi ezin direla ikusi ohiko tresnak. Hori egiteko, task-set aukeran “Default” hautatzea nahikoa da ohiko baliabide guztiak agertzeko.

Task set hauek guztiak programaren wikitik aterata daude eta haietariko asko erabiltzaileek beraiek sortzen dituzte. Batzuk aplikazioan lehenetsita badatoz ere, beste batzuk gehitu ahal dira “Gehitu task set” aukeraren bitartez, ondoren agertuko da bilatzaile bat erabiltzaileak egin nahi duenaren task seta bilatzeko. Edozein erabiltzailek sortu ahal ditu norberaren task setak eta automatikoki wikira igoko dira, besteekin batera, horretarako beharrazkoa da aplikazioa abiarazterakoan eskatzen den wikirako sarbidea. Wikian ere arakatu daitezke honezkero eskuragarri dauden task setak, horretarako helbide honetara joan behar da: http://adaptablegimp.org/w/Browse_Tasksets.

Aplikazio honen alda txar bakarra ingelesez baino ez dagoela da.