Google

Google Mapsek markatzen du bilatutako eremua

googlemapsmarkaketaGooglek gehitu du funtzionalitate berri bat bere Google Maps aplikazioan. Bilaketa bat eginda, Nafarroa edo Bilbo, adibidez, eremu honek mapan okupatzen duen lekua nabarmentzen du kolore arrosarekin eta marra grisekin. Era honetan, lekua aurkitzeaz gain jakin daiteke okupatzen duen eremua.

Markaketa zoomaren arabera egokitzen da eta bakarrik ibiltzen da mapa ikuspegian, hau da, markaketa ez da erakusten ez satelite ez erliebe ikuspegian.

Euskal Herrian probatuta nahiko ondo dabilela esan daiteke, Arakaldo bezalako herri txikiren batean ez du markaketa egiten, baina ondo markatu ditu herriak, hiriak eta herrialdeak. Basque Country edo Euskal Herria bilatuta, Euskal Autonomi Erkidegoari dagokion eremua markatzen du.

Erabiltzaile guztientzat dago gaituta dagoeneko aukera hau.

http://9to5google.com/2012/01/20/google-maps-now-highlights-areas-of-interest/

Google, Telebista

Google TV

Google TVBadirudi 2012. urteko produktu entzutetsuenetako bat telebista adimenduak izango direla, hau da, sistema eragile bat darabilten telebistak. SmartTV gisa ezagutzen dira, eta haien ezaugarri nagusia telebista sarera konektatu ahal izatea da, hau da, ordenagailuak balira bezala, Interneten ibiltzeko aukera. Joan den astean jakin zen Canonical enpresak bere Ubuntu sistema eragilea telebistetarako prestatzeari ekingo ziola; eta berriki jakin da ere Googlek, bere Android sistema eragilea darabilen Google TV zabaltzeko ahaleginetan, telebista ekoizleak ordaintzeko prest dagoela. Googlek gezurtatu egin du.

Google TV sistemak eskaintzen dituen ezaugarrien artean hauek aipa genitzake: Android sistema eragilea darabilten sakelakoek telebista mota horien telekomando lana egin dezakete; eta, telebistetan, Chrome nabigatzailearekin Interneten ibiltzeko aukera izango da.

Informazio gehiago: http://www.neowin.net/news/google-paying-to-have-android-installed-on-tvs

Amazon, Apple, Bilatzaileak, ebook, Google, Internet, Microsoft, Nabigatzaileak, Sare sozialak eta Microblogging, Sareak, Software Librea

Tableta, 2011. urteko izar

Tableten urtea izan da, ezbairik gabe, 2011. urtea. Applek sortutako iPad izan zen produktu horren aitzindaria, eta, Appleren atzetik, hainbat enpresak merkatu eskaintza zabala osatu dute horrelako gailuekin. Appleren iPadarekin batera, Android sistema eragilea da tableten munduko bigarren jokalari garrantzitsuena; 2011. urtearen amaieran, Ice Cream Sandwich izenarekin bataiatu duten azken bertsioa plazaratu zen, oraindik oso gailu gutxitan aurki zitekeena. 2011. urteak iPadaren bigarren bertsioa ekarri du; aurrekoa baino meheagoa, azkarragoa eta arinagoa da, eta, salmenta aldetik, senide zaharrenak ezagutu zuen arrakasta izan du. Android sistema eragilea darabilten tabletei dagokienez, iaz, izugarrizko eskaintza zabala merkaturatu zuten enpresa teknologikoek, eta, eskaintza zabal horretan, kostu baxuko gailuak agertu dira indar handiz, 100 euroren bueltan dauden tabletak. Kostu baxuko aukeran, kasu berezia da Amazon etxeak iPadari aurre egiteko merkaturatu duen Kindle Fire delakoa; arazo tekniko batzuk dituen arren, salgai daramatzan bi hilabetetan, hainbat ale saldu ditu Amazonek.

Apple etxeak, esan bezala, arrakasta latza lortu du iPad 2arekin, baina ez da izan produktu arrakastatsu bakarra; iPhone 4S telefonoa eta MacBook Air ordenagailu eramangarriak ere erruz saldu dira.

Nabigatzaileen inguruan, Googleren Chrome hazi da gehien 2011. urtean. Azken urte hauetan Mozillaren Firefox nabigatzailea Microsoften Internet Explorerri erabiltzaileak kentzen joan bada ere, 2011. urtean, Chrome izan da Explorer eta Firefox nabigatzaileen lepo hazi dena. Nabigatzaile erabilien kuotak horrela gelditu dira, StatCounterren aburuz: %40 Internet Explorer, %27 Chrome eta 25% Firefox.

2011. urtean ere, teknologiaren munduan hainbat agurtu ditugu. Batzuk ezagunak oso, Appleren CEO izandako Steve Jobs kasu, eta beste batzuk, jendartean ezagunak izan ez arren, teknologia munduan oso garrantzitsuak izan direnak. Horietako bat da Dennis Ritchie; 1941. urtean jaio zen, eta, 70eko hamarkadan, UNIX eta C programazio lengoaiaren garapenean parte hartu zuen. 2011. urtean zendutako beste bat Betty Jean Jennings Bartik izan da, ENIAC izena zuen lehen ordenagailuaren sortzaileetako bat.

Porrotak

Teknologia enpresa ezagunenek, HTC, Samsung, LG, Sony eta abarrek, euren tabletak merkaturatu dituzte. Samsung etxeak arrakasta handia lortu du Galaxy izeneko tabletarekin, baina beste ekoizle batzuek porrot handiak jasan dituzte, HP eta RIM etxeek kasu. HP etxeak WebOS sistema eragilean oinarritutako Touchpad izeneko tableta plazaratu zuen; produktu ona, etxe ospetsua, baina salmentarik ez. Ipadaren prezio antzerakoa zuen, eta erabiltzaileek nahiago izan zuten Appleren tableta. Ondorioz, HP etxeak prezioa asko jaitsi behar izan zuen bere produktu berria saldu ahal izateko, eta, azkenean, tableten negoziotik alde egitea erabaki zuen.

BlackBerry ekoizten duen RIM etxeak ere BlackBerry PlayBook delakoa merkaturatu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan; badirudi sistemaren eguneraketa urria eta aplikazio erakargarrien eskasia izan zela arrakasta eskasaren arrazoia.

Tableten mundutik at, teknologiaren beste alor batzuetan ere, izan dira uste baino emaitza kaskarragoak izan dituzten produktu eta zerbitzuak. Google+ da horietako bat. Kontaktuak zirkulutan biltzeko aukera ematen du sare sozial horrek ez du publiko zabalaren onarpenik izan. Googlek berean jarraitzen du, funtzionaltasun gehiago eskaintzen, jada erregistratuak dituen 50 milioi erabiltzaile horien kopurua handitu nahian.

Sarean edo hodeian eskaintzen diren zerbitzuen etenak ere kalte handiak eragin dizkiete RIM eta Sony etxeei. RIMen BlackBerry telefonoak mezularitza zerbitzuak porrot egin eta gero posta gabe izan ziren urrian. Sony etxearen PlayStation plataformak sarean jolasteko zerbitzua eten izan behar zuen bere sistemek jasan zuten eraso baten ondorioz. Agerian gelditu zen Sonyren sistemen ahulezia eta erabiltzaileek sarean gordetzen dituzten datu pribatuak egoki babestearen beharra.

Kontsolen alorrean, Nintendo etxeak betaurreko berezien beharrik gabe 3D efektua eskaintzen zuen 3DS plazaratu zuen. Plataforma horrentzat joko gutxi garatu direlako eta hainbat erabiltzailek zorabioak jasan dituztela zabaldu delako, produktu horrek arrakasta gutxi izan du.

Eta 2012rako zer?

Badirudi hasi berria den urte honek ere gailu eta zerbitzu mordoa eskainiko dituela. Gailuen munduan, bolo-bolo dabilen iPad 3 delakoaren aurkezpena espero da, eta badira Applek bere tabletaren tamaina txikitu eta 7 hazbeteko bertsio bat plazaratuko duela esaten dutenak ere. Apple etxeak ere iPhone telefono adimendunaren bosgarren bertsioa merkaturatuko du, eta, Appleren produktuen inguruan gertatu ohi denez, horrekin ere dena da filtrazio eta txutxu-mutxua.

Microsoft etxeak Windows 8 aurkezteko asmoa du 2012an, eta ezagutzera eman diren ezaugarrien artean, USB 3.0 euskarria, Ribbon interfazea eta aplikazioen denda izango duela jakin da.

Kontsolen munduan, bi dira espero diren aurkezpen ezagunenak: Nintendo etxearen Wii U eta eta Sonyren Vita.

Amaitzeko, Amazon etxea lanean da bere Fire tabletak dituen akatsak konpontzeko, eta gainontzeko tablet ekoizleek bezala, badirudi bere produktuaren bertsio berriren bat kaleratuko duela.