Google, Internet

Google Places, Googleren baliabide berria negozioak Interneten sustatzeko

google placesGoogleren Google Places izeneko webgunean baliabide ezberdinak eskaintzen dira negozioen jabeek bere negozioak Interneten sustatu ahal izateko. Hasteko negozioa sortu behar da webgunean eta gero Google Maps-en kokatu daiteke eta nola agertuko den konfiguratu daiteke. Hala, bada, negozioaren telefonoa, webgunea edo posta elektronikoa jar daiteke, nola ez, baina gainera beste ezaugarri batzuk ere zehaztu daitezke, ordutegia edo onartzen diren txartel motak, esaterako. Gainera, produktuen argazki batzuk erakutsi ahal dira.

Haratago joaten da proiektu hau eta deskontu-bonoak ere sor daitezke Google Places edo Google Maps-en bitartez negozioa aurkitu duten erabiltzaileentzat.

Estatistikak ere eskaintzen ditu, bisitariek negozioa nola aurkitu duten jakiteko edo zein bilaketa egin duten negoziora heltzeko.

Hau da webgunea: http://www.google.com/places

Aplikazioak, Google, Microsoft

OffiSync, Microssoft Office eta Google Docs integratzeko gehigarria

offisyncOffiSync Microsoft Officerako gehigarri bat da, Microsoft Office eta Google Docs bateratzea ahalbidetzen duena. Alegia, Google Docs dokumentuak, zuzenean ireki daitezke MS Officetik deskargatu behar gabe. Era berean, dokumentuak aldatu eta gorde daitezke Google Docs-en zuzenean. Hau da, MS Officetik zuzenean lan egin daiteke Google Docs-en dauden dokumentuekin.

OffiSync gehigarria instalatutakoan, aukera berri bat agertuko da MS Word, MS Excel eta MS Powerpoint aplikazioetan. Aukera horretatik, Google kontuarekin izena eman ahal da eta hortik aurrera Google Docs-en dauden dokumentuak arakatu ahal izango dira. Bilatzaile bat ere eskaintzen da gehigarri honekin, dokumentuak erraz aurkitzeko. Gainera, Google Docs-eko dokumentuak elkarlanean eratzeko sistema ere erabil daiteke OffiSync-etik.

Plugin honek “.NET Framework 3.5″ behar du ondo ibil dadin.

http://offisync.com/

Aplikazioak, Google, Mugikorrak, Sistema Eragileak, Software Librea

Android eta sistema honetarako aplikazioak

androidAndroid sakelako telefonoetarako sistema eragile bat da eta 2007ko azaroan aurkeztu zenetik, joan da hedatzen eta interesa pizten bai telefono mugikorren fabrikatzaileengan zein erabiltzaileengan. Android software librea da eta bere ardura Open Handset Alliance erakundeak du. Open Handset Alliance Googlek bultzatutako partzuergo bat da eta partzuergo honetan estandar irekiekin konprometituta dauden hainbat entitatek parte hartzen dute, hardware, software zein telekomunikazio arlokoak, batik bat.

Sistema eragilearen ezaugarri nagusiak

Sistema eragileak web nabigatzailea integratuta ekartzen du, WebKit kode irekiko motorrean oinarrituta.

Androidek multimedia formatu arruntak onartzen ditu, audio, bideo zein irudietarako.

Bestetik, sakelako telefonoaren menpe dauden beste hainbat ezaugarri ere eskaintzen ditu, GSM telefonia, Bluetooth, 3G, Wifi, argazki-kamera, GPS, iparrorratza, azelerometroa. Ezaugarri hauek ibili ahal izateko Androidekin, telefonoaren hardwareak ere eskaini behar ditu ezaugarri horiek bere osagai elektronikoen bitartez.

Ukimen-pantailarekin erabiltzeko prestatuta dago. Izan ere, horretarako hainbat baliabide ekartzen ditu, ukimen-teklatua bezala. Pantaila biratzen da telefonoa biratzen denean eta zoom ezberdinekin ikusi eta irakurri ahal dira informazio ezberdinak, mapak edo webguneak zein pdfak edo irudiak, esaterako.

Sistemarekin hainbat aplikazio etortzen dira lehenetsita instalatuta: nabigatzailea, posta elektronikoa irakurtzeko aplikazioa, SMSak irakurtzeko eta idazteko aplikazioa, egutegia, mapak, kontaktuak.

Gainera, badago beste ezaugarri bat oso interesgarri bihurtzen duena Android. Market izeneko aplikazio biltegia da, hain zuzen ere.

Market da aplikazio biltegi itzela. Aplikazio biltegi honetan, ordainpeko zein doako aplikazio pilo bat aurkitu ahal dira eta atal ezberdinetakoak: jokoak, erosketak, komunikazioak, komikiak, kirolak, baliabide orokorrak, multimedia aplikazioak, albisteak eta eguraldia, aisialdia, jakintza eta bilaketa, osasuna, gizartea, produktibitatea, bidaiak, telefonorako gai ezberdinak, gehigarriak. Android Marketek ahalbidetzen du garatzaileek Market-en aplikazioak sartzea, ordainpekoak edo doakoak eta edozein Android mugikorretatik egongo dira eskuragai. Honela, sakelako telefonoaren erabiltzaileak deskargatu eta instalatu ahal du nahi duenean. Gainera, gune ofizialetik deskargatzen ari den bermearekin.

Market erabiltzeko eta Androiden beste ezaugarri batzuk ere erabiltzeko, sistemaren eguneraketak, mapak, posta elektronikoa edo web nabigatzailea, esaterako, beharrezkoa da Internet konexio bat mugikorrean. Wifi izan daiteke, edo noizbehinkako konexioak. Baina ahal bada, hobe da etengabeko Internet konexioa. Jada irisgarriagoak dira sakelako telefonoetarako Internet tarifa lauen prezioak. Etxeko ADSL edo kablearenak baino askoz merkeagoak aurki daitezke.

Aplikazio interesgarri batzuk

Androiderako Market biltegian denetariko aplikazioak daude, batzuk Google zerbitzuekin integratuta, era honetan, mugikorrean zein ordenagailu ezberdinetan egon daitezke datu batzuk, kontaktuak edo agenda, esaterako.

Google Sky Map aplikazioaren bitartez, planetario bat eraman ahal da sakelan. Ordua eta posizionamendurako teknologiak erabiltzen ditu jakiteko zeruaren zein zatia ikusten ari den momentu horretan erabiltzailea, eta mugimendu sentsorearen bitartez ere asmatzen du norantz begiratzen ari den. Era horretan izarrak, konstelazioak edo planetak identifikatu eta izendatzeko gauza da aplikazio hau. Gainera, izenaren arabera bilatu ahal dira elementu ezberdinak eta aplikazioak esango du nora begiratu behar den aurkitzeko.

WeatherBug aplikazioak asmatzen du non dagoen erabiltzailea eta eguraldiaren inguruko informazioa eskaintzen dio. Eskuz ere aukeratu daitezke leku ezberdinak leku horietako eguraldiari buruzko informazioa jasotzeko.

Docs To Go aplikazioaren bitartez, bulegotika dokumentu ezberdinak ikusi ahal dira mugikorretik, hurrengo formatuak onartuta: doc, docx, xls, xlsx, ppt, pptx, pdf.

Gtasks aplikazioarekin atazak kudeatu ahal dira eta bateragarria da GMailen dauden atazekin. Google Talk aplikazioaren bitartez GTalk kontaktuekin hitz egin ahal izango da.

Andando edo Hi-Hiker Pro-ren bitartez gorde ahal dira ibilbideak, jakitea zenbat ibili den edo pasatu diren altuera ezberdinak, GPSa erabiltzen dute. And Explorer fitxategi arakatzaile ezaguna da. Barcode Scanner aplikazioaren bitartez barra-kodeak eta QR kodeak irakurri ahal dira argazki-kamera erabilita. ShopSavvy barra-kodeak irakurtzeaz gain saiatzen da produktu ezberdinak identifikatzen eta produktuen prezio ezberdinak lortzen, horretarako norberaren posizioa ere erabiltzen du. Scan2PDF mobile, argazki-kameraren bitartez pasatu ahal da argazki edo dokumentu bat PDFra. BeamReader erabil daiteke PDFak irakurtzeko. Bubble-ren bitartez nibela instalatuko da telefono mugikorrean eskulanetan laguntzen duena zerbait zuzen dagoen jakiteko edo daukan angelua jakiteko. Dog Whistler aplikazioak txakurrentzako txilibitua eskaintzen du frekuentzia ezberdinekin. Draw-ren bitartez hatzarekin marraztu ahal da telefonoaren pantailan eta Solo Lite-ren bitartez gitarra bat egongo da eskuragarri mugikorrean. Voice Recorder aplikazioarekin, mugikorra ahots-grabagailu bihurtzen da. Goggles aplikazioaren bitartez argazki-kamerarekin ateratako irudiak bilatu ahal dira interneten eta Layar edo Wikitudek, argazki kamera, posizionamendua eta mugimendua erabilita gertu dauden elementuen inguruko informazioa ematen dute, dendak, jatetxeak edo mendiak, esaterako.

Microblogging eta Sare sozialetarako aplikazioak ere badaude, Twitroid Twitter zerbitzurako edo Facebook, esaterako.