Aplikazioak, Ataza kudeaketa, Internet

Denbora / ataza kudeaketa

Atazak kudeatzeko orduan, oso baliabide erabiliak dira zerrendak. Modu sinpleenean, paper batean zerrenda bat osatu daiteke, lerroz-lerro atazak idatzi, eta ataza hauek egin ahala, lerroak marratu. Ez da estrategia txarra, baina zerrenda hauek eraginkorrak izateko, zenbait gauzari erreparatu beharko zaio.

Ataza guztiak ez dira testuinguru berdinean ematen: lantokian sortzen diren zereginak, etxeko lanak, eskola, afizioak, seme-alabak… denak dira testuinguru ezberdinak. Ataza guztiak ere ez dute izaten ez lehentasun eta ez garrantzi berdina. Beraz, badirudi beharrezkoa dela ataza zerrenda hauek sailkatu, ordenatu eta kudeatzeko estrategiaren bat garatu eta aplikatzea.

Lehen saiakera batean, egin beharreko ataza bakoitzari, lehentasun maila bat ezarri dakioke, letrak edo zenbakiak erabiliz. Lehentasun irizpide hau baliatuz zerrenda ordenatu, eta garrantzitsuenak diren atazak betetzeari ekingo zaio. Teknika hau erabili duen orok jakingo du, badirela beti atzean geldituko diren atazak, sekula burutuko ez direnak, garrantzitsuak izan arren behin eta berriz ataza-metaren azpialdean uzten direlako. Psikologian, zeregin garrantzitsuak, hain garrantzitsu ez diren zereginekin ordezteko joerari, prokastinazioa esaten zaio.

Eisenhower, Ameriketako Estatu Batuetako lehendakaria izandakoak ere, erabiltzen zuen atazak sailkatzeko metodo bat, Eisenhower metodoa bezala ezagutzen dena. Atazak bi aldagairen arabera sailkatzen ditu metodo honek, garrantziari dagokionez batetik, eta urgentziari dagokiona bestetik. Bi aldagai hauek konbinatuz, lau kategoria sortzen dira, eta kategoria bakoitzean kokatzen den atazekin jokabide ezberdinak erabiltzen dira. Ataza ez bada ez garrantzitsua eta ez urgentea, alboratu egiten da. Garrantzitsu eta urgenteak direnak segituan egin behar dira. Garrantzitsuak eta ez urgenteak direnei, amaiera data bat jarri behar zaie eta garrantzitsuak izanik urgenteak ez direnak berriz, delegatu.

David Allenen GTD metodoa

David Allen estatu batuarrak, egun oso ezaguna den GTD (Getting Things Done) metoa sortu zuen. Metodo honen egileak dioenez, gizasemearen zerebroak ez du aparteko gaitasunik gauzak gogoratzeko; aitzitik, akziorako egina dago. Beraz, metodo honek burua gogoratu beharrez libratu eta ekintzak burutzeko prozedura bat proposatzen du.

Ataza zerrenda bezala egituratzen diren erretilu batzuen kudeaketa da metodoaren muina. Hasiera batean, buruan ditugun “gauza” guzti horiek, sarrera erretiluan jarriko dira. Sarrera erretilua prozesatzean, bertan dauden gauzekin, sekuentzialki, zer egin erabaki beharko da: egiteko ezer ez duten gauzak alboratu, zeregina eskatzen duten gauzak delegatu, segituan egin edo beste erretilu batzuetara mugitu.

Zerbait egiteak bi minutu baino gutxiago eskatzen baditu, zuzenean egin eta “gauza” hori alboratu egingo da. Denbora gehiago behar bada, beste erretilu batean utziko da. Metodologiak, sarrera erretiluaz gain, honako hauek proposatzen ditu: segituan egin behar diren gauzen erretilua, beste norbaiten akzioaren zain dauden gauzen erretilua eta noizbait egin beharko diren gauzen erretilua. Gauza batek akzio bakarra baina gehiago behar badu, proiektu bakoitzeko erretilu bat sortu daiteke.

Gauzak prozesatu ondoren, sarrera erretilua hustu egingo da eta segituan egiteko erretiluan dauden gauzak burutzen hasi beharko da. Azkenik, norberak nahiago duen maiztasunarekin, erretilu guztietan dauden gauzak berrikustea gomendatzen da. Berrikuspen honetan, gauza edo atazak, erretilu batetik bestera mugituko dira eta egindako gauzak sistematik aterako dira. Etengabeko prozesua da GTDek proposatzen duena: gauza berriak sarrera erretilura sartu, egin beharreko erretiluan dauden atazak egiten jardun eta azkenik, atazen berrikuspena, non atazak erretilu batetik bestera mugituko diren.

GTD erabiltzeko euskarri informatikoak

GTD metodoa erabiltzeko, David Allenek, inongo tresna informatikorik behar zuen erretilu, karpeta eta zerrenda sistema bat proposatu bazuen ere, segituan bere metodoan oinarritutako hainbat aplikazio informatiko agertu ziren. Remember The Milk eta Things, azken hau Mac OS X sistema eragilerako bakarrik, dira ordainpeko aplikaziorik ezagunenak. Doako aplikazio bezala ere, Doit.im oso erabilgarria da. Aplikazio hauek guztiak, ordenagailuetarako ezezik, mugikorretara ere zabaldu dira, Android edo iPhone bezalako plataformatara. Egin beharrekoak edozein leku eta momentutan sortzen direnez, oso erabilgarria izaten da gure sakelekoarekin egin beharrekoaren berri jasotzea, hau da, GTD metodoak proposatzen duen sarrera erretilura sartzea.

Jorge Oyhenard-ek, GTD zer den eta RTM, Things, Evernote edo Gmail bezalako aplikazioekin nola erabili daitekeen azaltzen du bideo sorta interesgarri batean hemen

Hezkuntza

Eskola 2.0, eramangarriak eskolan geldituko dira

eskola20-logoEskola 2.0 ekimenaren barruan, hainbat ordenagailu eramangarri banatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan. Hasiera batean, bazirudien bosgarren mailako ikasle bakoitza bere eramangarriaren jabe izango zela eta bere lanerako tresna gisa, etxera eraman ahal izango zuela.

Berriki, Eusko Jaurlaritzak, eramangarri horien erabilera arautu du. Aurreikusita ez dagoen softwarerik ezin izango da instalatu Hezkuntza Sailaren Informatika Zerbitzuen baimenik gabe. Eramangarriaren jabetza Jaurlaritzarena da, eta ikastetxean erabiliko da. Ikasleak eramangarria etxera eraman nahi badu, bere tutoreak ikastetxeari luzatu beharko dio eskakizuna, eta ikastetxeak berak onartu beharko du eskaria. Azkenik, ikasleak ezin izango du oporraldian eramangarria berarekin eraman.

Eramangarri horiek eskolan geldituko direnez, bada esaten duenik eramangarriak baino mahaigaineko ordenagailuak aukera hobea liratekeela; merkeagoak dira eta iraupen luzeagoa izaten dute.

Eramangarrien aitzakian ere, ikastetxeetan sortu ziren wifi sareen beharra ere kolokan jarri da.

Ebazpenaren testu osoa

Aplikazioak, kontzeptuak

Datu konpresioa

Konpresioa, ZIPMerkatuan dauden argazki kamerek gero eta mega gehiago dituzten argazkiak ateratzen dituzte. Telebista digitalek Full HD marka erakusten dute, irudi kalitate gorena aginduz. Betiere, kalitate gehiago eskaintze horrek informazio bolumen handiagoa kudeatzea suposatzen du. Eta informazio asko transmititu edo gorde nahi bada, derrigorrezkoa bihurtzen da informazio horren bolumena txikitzeko beharra. Gaur egungo argazki kamera xumeenak ateratzen dituen argazkiak inongo konpresiorik gabe gordeko balira kameren memorian, argazki gutxi batzuekin laster beteko lirateke memoria horiek.

Datu konpresioa erabiliz, jatorrizko fitxategi baten tamaina txikitu daiteke, eta berau transmititzeko denbora gutxiago behar izango da, edo leku gutxiago beharko da disko gogor batean gordetzeko orduan. Konprimitutako fitxategitik, jatorrizko fitxategia lortzeko, deskonprimitu egin beharko da. Nola lortzen da fitxategi baten tamaina txikitzea, gero, berriz ere, jatorrizko fitxategia lortzeko?

Konpresioaren funtsa, jatorrizko informazioan errepikakorrak diren datuak atzeman eta ordeztean datza. Errepikatzen diren datuokin, hiztegi moduko bat eraikitzen da, eta hiztegi horretako sarrera bakoitzari nolabaiteko identifikadore bat ematen zaio. Azkenik, jatorrizko informazioan, hiztegian agertzen den datu bakoitza, bere identifikadorearekin ordezkatuko da. Konpresio prozesuaren ondorioz, hiztegi bat eta ordezkapenaren ondorioa lortuko dugu. Konprimitutako informazioa jatorrizko formara bueltatu nahi denean, identifikatzaileak hiztegiko sarrerekin ordeztuko dira. 70eko hamarkadan, Abraham Lempel eta Jacob Ziv israeldarrek asmatutako LZ algoritmoa da gaur egun erabiltzen diren algoritmo gehienen aita.

Aurrekoaren adibide gisa, Mikel Laboaren Txoriak txori kantuaren testua hartu eta bertan agertzen den hitz ororekin hiztegi bat osatuko litzateke. Hainbat hitzen artean, «txori» hitza agertuko da, eta hitz horren identifikadorea, esate baterako 8 izango da. Txori hitza 8 zenbakiarekin ordezkatzen bada kantaren testuan, «…ez zen gehiago txoria izango, eta nik, txoria nuen maite» prozesatuz, «…ez zen gehiago 8 izango, eta nik, 8 nuen maite» lortuko da. Txori hitzak dituen 5 karaktereen ordez, «8» identifikadoreak duen karaktere bakarra erabiliko da txori hitza agertzen den aldi bakoitzean. Konprimitu nahi den informazioa errepikakorragoa den neurrian, konpresioaren ondorioz, emaitza hobeak lortuko dira, konpresio tasa altuagoak.

7-zip izan daiteke Windows sistema eragilean, iturburu irekiko konpresio software erabilgarria.

Kalitatearen galera duten edo ez duten konpresio motak

Orain arte azaldutako metodo edo algoritmoarekin, konpresioaren ondorioz lortzen den informazioari deskonpresio prozesua aplikatzean, berriz ere jatorrizko informazioa lortzen dugu, inongo galerarik gabe. Testu fitxategiak aintzat hartuta, garbi dago konpresio-deskonpresio prozesuak ezin duela jatorrizko informazioaren galerarik sortu, baina beste informazio mota batzuetan, irudi edo audio fitxategietan adibidez, jatorrizko informazioaren galera onargarria suertatu daiteke.

Galera dagoen algoritmoek, «beharrezkoa» ez den informazioa baztertu egiten dute jatorrizko datuak konprimitzean. Zeru urdin bati egindako argazki bat hartuz, pentsatu daiteke galerarik ez duen metodo bat erabiliz, ez dela emaitza oso onik lortuko. Zerua urdina izan arren, pixel gutxi egongo da urdin balio berdinarekin, beraz errepikaketa txikia izango da irudi fitxategian. Kontuan hartzen badugu gizakiaren begia ez dela gai oso gertu dauden urdin-tonu bi bereizteko, konpresio aplikazio batek, oso gertukoak diren urdin tonuak, tonu bakarrera bihurtu ditzake; eta horrela, informazioa errepikakorragoa bihurtzen denez, konpresio tasa altuagoa lortuko da. Horrela konprimitutako irudiak galera du jatorrizko irudiarekiko, baina lortuko den fitxategi konprimituaren tamaina galera gabeko metodoekin lortutakoa baino txikiagoa izango da.

MP3

Audio CD batean entzuten dugun musika digitalki grabatzen denean, 44.100 lagin jasotzen dira segundoko. Lagin bakoitzarentzat, 16 bit erabiltzen dira (2 byte), eta estereo sistemetan, bi kanal grabatzen dira, ezkerrekoa eta eskumakoa. Horrek esan nahi du, kanta baten segundo bakoitza gordetzeko, 176 K behar direla, eta 3 minutu luze irauten dituen kanta bat gordetzeko, 32 mega beharko direla. ADSL konexio azkarra izanda ere, minutuak beharko lirateke kanta bakar bat jaisteko, eta oraintsurarte erabili izan diren 56 K konexio telefoniko batekin, 3 ordu inguru beharko lirateke.

Musika konprimitzeko gehien erabiltzen den algoritmoetako bat da MP3 esaten dioten MPEG-1 edo MPEG-2 Audio Layer 3 algoritmoa. Aipatu kantaren 32 megak, 3 megatan geratuko dira konpresioaren ondorioz. Musika konprimitzeko metodo horrek gizakiaren entzumenak dituen ezaugarriak hartzen ditu kontutan. Badira gizakiok entzuten ez ditugun soinu frekuentzia batzuk. Soinu batzuk beste batzuk baino hobeto entzuten ditu belarriak, eta azkenik, bi soinu batera entzutean, gizakion entzumenak, arreta handiago eskaintzen dio ozenago jotzen duenari. Hori dena kontuan hartuta, algoritmoak «soberan» dauden datuak alboratuko ditu, antzekoak direnak bateratu eta horrela, hamar aldiz txikiagoa den audio fitxategi bat lortuko da.