Aplikazioak

Pantaila-argazkiak egiteko aukerak

Pantaila-argazkia1Askotan, aplikazio baten, webgune baten edo ordenagailuaren pantailan ikusten den edozein gauzaren inguruko txosten bat egin behar denean, gauzak era bisualagoan azaltzeko, pantaila-argazkiak txertatzen ibili behar da.

Pantaila-argazki bat egiteko, sistema eta ordenagailu gehienetan “ImprPant” tekla sakatu ahal da. Horrek pantailan dagoenaren argazki bat paper-zorroan kopiatzen du. Ondoren, nahi den dokumentuan edo irudiak editatzeko aplikazioan itsatsi ahal da. “Alt + ImprPant” ere egin ahal izaten da, kasu honetan ez da pantaila osoa kopiatzen baizik eta soilik une horretan erabiltzen ari den leihoa.

Mac sistemetan eta ordenagailuetan, ordea, “Sagarra + Shift + 3” sakatu behar da pantaila osoaren argazkia egiteko eta “Sagarra + Shift + 4” soilik hautatutako zatiaren argazkia egiteko. Bi kasu hauetan, egindako argazkia mahaigainean gordetzen da, png motako irudi bezala, ez da paper-zorrora kopiatzen. Paper-zorrora kopiatzeko, “Ctrl+Sagarra + Shift + 3” edo “Ctrl+Sagarra + Shift + 4” sakatu beharko litzateke, hurrenez hurren, pantaila osoaren edo pantailaren zati baten argazkia kopiatzeko. Azken aukera bat eskaintzen da Mac Os X sistemetan, “Sagarra + Shift + 4” edo “Ctrl+Sagarra + Shift + 4” sakatu ostean, zuriune-barra ri sakatuta, argazki-kamera bat agertzen da pantaila eta argazki-kamera horren bitartez leiho oso edo ikono oso baten argazkia atera ahal da. Ateratako argazkia mahaigainean gordeko litzateke edo paper-zorroan Ctrl teklari ere sakatu bazaio.

Esan bezala, hauek sistemek eskaintzen dituzten lehenetsitako aukerak dira, baina horretaz gain, aplikazio edo gehigarri batzuk daude aparteko funtzionalitateak eskaintzen dituztenak.

MS Windowserako SnapIt eta ZScreen

SnapIt Screen Capture MS Windows sistemetan ibiltzen da. MS Windows 95etik aurrera, sistema honen bertsio guztietan erabili ahal da. Aplikazioaren lizentzia komertzialak 17,99$ balio du gaur egun, baina debalde jaitsi daiteke probazko bertsio bat 15 egunetarako. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://www.digeus.com/downloads/snapit/index.html. Deskargatzeko izena eta helbide elektronikoa eskatzen du. Jaitsi ondoren, instalatu beharko da, oso erraza da instalatzea, urratsei jarraitu baino ez da egin behar. Oso aplikazio arina da, 2MB baino ez du behar. Abiarazten denean sistemaren atzeko planoan gelditzen da eta pantaila-argazki bat egiten denean abiarazten da, horren bitartez aukeratu ahal da kopiatu nahi den zatia eta BMP, GIF, JPEG, PNG eta TIFF formatuetan gordetzea ahalbidetzen du. Aplikazioa ingelesez dago soilik.

MS Windows sistemetarako beste aukera bat ZScreen izango litzateke. Kasu honetan ere soilik ingelesez dago, baina software librea da, doakoa eta gainera oso oso osatua da. Gainera, aurrekoa bezain arina da, 2 MBera ez da heltzen. Aukera anitz eskaintzen ditu, bai pantaila-argazkia ateratzeko orduan zein ateratako argazkiaren helburuaren inguruan. Ateratako argazkia, paper-zorrora, fitxategi batera edo FTP batera bidali ahal da esaterako, edo Flickr, TinyPick edo TwitPick bezalako webguneetara ere bai. Gainera, argazki-pantaila ateratzen denean egindako argazkia editatzeko aukera eskaintzen du. Hau da aplikazioaren webgunea: http://code.google.com/p/zscreen/, deskargatzeko Downloads pestainara joan behar da eta hor ZSCreen aukeratu.

Shutter, GNU/Linux sistemetan.

Shutter GNU/Linux sistemetan pantaila-argazkiak ateratzeko oso aplikazio interesgarria da. Shutter software librea da eta instalatu daiteke Ubuntu edo GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik, Ubuntu Software Biltegitik edo edozein pakete kudeatzailetatik, shutter izeneko paketea bilatu eta instalatzeko markatu besterik ez da behar. Aplikazio honetaz hitz egin zen jada Zibergelaren aurreko ale batean, hau da sarrera horren helbidea: http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/08/shutter-gnulinux-en-pantaila-argazkiak-ateratzeko-aplikazio-interesgarria/ eta hau proiektuaren helbidea:http://shutter-project.org/.

Webguneen argazkiak

Screengrab, Firefoxerako gehigarri bat da eta Firefox nabigatzailearen bitartez ikusten diren webguneen argazkiak edo kapturak ateratzea ahalbidetzen du. MS Windows, Mac OS X eta GNU/Linux sistemetarako Mozilla Firefox nabigatzaileetan instalatu daiteke eta hau da gehigarriaren helbidea: https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/1146/. Web orrialde osoa edo zati baten argazkia egin daiteke eta paper-zorroan edo fitxategi batean gorde ahal da PNG edo JPEG formatuan.

Internet

Nature Music Radio, ordenagailu aurrean erlajazio musika entzuteko

nature musicNature Music Radio irrati digital bat da eta helbide honetan entzuteko aukera dago: http://www.naturemusicdownload.com/radio.html. Hemendik natura eta erlajazio musika entzun daiteke Interneterako sarbidea daukan edozein ordenagailtuatik eta horrela lasaitu ordenagailua erabiltzen den btiartean, bai lanerako, bai aisirako.

Behin irratira konektatuta hiru giro ezberdin eskaintzen dira, gustukoena aukeratu ahal izateko. Erabiltzeko interfazea oso arina eta erraza da. Gainera kolorez aldatzeko aukera eskaintzen du. Bertatik, bolumena ere jaitsi daiteke.

Webgunearen orrialde nagusian, http://www.naturemusicdownload.com/, on-line irrati hau edozein webguneetan txertatzeko aukera eskaintzen da, hor agertzen den kodigoa kopiatu eta nahi den webgunearen kodigoan itsatsi baino ez da behar.

Nature Music Download webgune honetan ere erlajazio eta natura musika jaitsi daiteke, baina horretarako izena eman behar da. Izen ematea doakoa da eta posta elektronikoa, erabiltzailearen izena eta pasahitza baino ez da eskatzen. Era berean erlajazio musika Cdak eros daitezke.

Segurtasuna

Esteganografia, informazioa ezkutatzeko teknikak

EsteganografiaEuskadi Digital (http://www.euskadigital.net) irrati digitalaren “El Guardian” (http://elguardian.euskadigital.net/) irratsaioan Esteganografiari buruz mintzatu ziren eta gai bitxia eta interesgarria delakoan, Zibergela atalaren artikulu hau ere horri buruzkoa da.

Zer da Esteganografia deritzon hori

Esteganografia mezuak edo bestelako informazioa ezkutatzeko teknikak ikertzen dituen gaia da. Ezkutatu beharreko informazio edo mezu horiek elementu ezberdinetan txertatu edo ezkutatu daitezke. Informazio ezkutatua duten elementu horiek eramaileak dira. Batzuetan, kriptografiarekin nahasten da, baina adar ezberdinak dira. Nolabait esateko, kriptografian informazioa zifratzeko teknikak aztertzen dira, baina, edonork jakin dezake informazioa garraiatzen ari dela. Kasu horretan, informazioaren edukia ezkutatzen saiatzen da, soilik hartzaileak irakurri ahal izateko. Horrela, beste norbaitek informazioa ikusten badu, ezin izango du asmatu informazio horretan zer esaten den eta ezin izango du informazio hori aldatu. Esteganografiaren kasuan, ordea, informazio bera ezkutatzen da, beraz, informazio hori hor dagoela inor ez ohartzea da helburua. Horrenbestez, kriptografia eta esteganografia bateragarriak dira, hau da, informazio zifratu bat bidali ahal da eramaile batean ezkutatuta. Era horretan, hartzailea izan ezik, beste inork ez du jakingo eramaile horretan ezkutatutako informazioa dagoela eta norbaitek hori asmatu arren, gainera deszifratu beharko luke informazioaren edukia ikusi ahal izateko. Adibide bat jartzeagatik, mezu bat txertatu ahal da argazki baten kodifikazio digitalean eta orduan, argazkia ikusten duenak argazki arrunt bat baino ez du ikusiko, ordea, mezu ezkutuaren hartzaileak mezua dagoela jakingo du eta atera ahal izango du.

Esteganografiaren kontzeptua ez da zerbait berria eta ez dagokio soilik Informatikaren munduari. Ziur asko, txikitan, pertsona askok idatziko zuten zerbait limoizko zukuaz paper batean lagun batentzat eta lagun hartzaileak irakurriko zuen mezua pospolo bat piztuta papera hurbilduz. Eta historian zehar ere asko erabili da, garai klasikotik azken gatazka belikoetara arte.

Eramaile digitalak

Informazioa eramaile digital mota askotan ezkutatu daiteke. Testu dokumentuetan, esaterako, gizakien ikusten ez duten zuriuneen bitartez egin daiteke. Irudietan, kolore aldaketa sumagaitz baten bitartez informazio ezkutatzea teknikoki erraza da. Irudien informazioa gordetzeko era digitalean, pixel bakoitzaren kolorea gordetzen da. Kolore hori zenbaki batekin adierazten da eta hori bat eta zero zenbakien bitartez, sistema bitarrez. Beraz, erabili ahal da argazki baten pixel bakoitzeko azken bita informazio ezkutatua gordetzeko. Gizakiek ez lukete ezer nabarituko, kolore aldaketak ezin txikiagoak izango zirelako, baina mezuaren hartzaileak bai informazio jaso ahal izango lukeela. Antzeko zerbait erabil liteke bideo eta audio fitxategietan informazioa ezkutatzeko, gizakion begi eta belarriarentzat sumagaitzak diren informazioak bezala gordeko lirateke.

Esteganografiarako aplikazioak

Esteganografia erabili ahal izateko aplikazio informatiko asko daude. OpenStego, esaterako software librea den aplikazio bat da. Aplikazio hau dohainik jaitsi daiteke helbide honetatik: http://openstego.sourceforge.net/, webgune horretan OpenStegoren inguruko informazio eta dokumentazio asko ere badago. Plataforma anitzetan erabili ahal da aplikazioa, MS Windows eta GNU/Linux sistemetan soilik probatuta badago ere, Mac Os X bezalako plataformetan ere erabil liteke. Aplikazio hau irudiak beste irudi batzuetan ezkutatzeko balio du. Gainera, informazioa konprimitu eta zifratu daiteke eta pasahitzaren bitartez babestu.

Beste aplikazio batzuk ere badaude, esaterako MP3Stego, aplikazio hau MS Windows sistemetan erabil daiteke eta testuak MP3 audio fitxategietan ezkutatzeko balio du. Komandoen bitartez erabili behar da baina ez da zaila, hona hemen lotura aplikazioa deskargatu ahal izateko eta dokumentazio ikusi ahal izateko: http://www.petitcolas.net/fabien/steganography/mp3stego/. Erabil daitekeen beste aplikazio bat wbStego4open da, software librea da, http://wbstego.wbailer.com/ hemen dago eta MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabili ahal da. Mota ezberdinetako fitxategiak ezkutatzea ahalbidetzen du testu, html edo PDF fitxategietan zein BMP fitxategietan.