Google, Internet

Google Business Photos: Googleren zerbitzu berria komertzioetara bezeroak erakartzeko

googlebusinessphotosGoogle Business Photos da Googlek jarri duen zerbitzu berri bat komertzioetara bideratuta. Zerbitzu hau doakoa da, eta honen bitartez, edozein komertzio edo negozioren jabeak eskatu ahal dio Googleri bere negoziora joateko eta komertzioaren argazki-erreportaje profesionala egiteko. Argazki hauek, ondoren, Google Places-en eta Google Maps-en sartuko ditu Googlek. Ziur asko, etorkizunean Google Street View zerbitzuan ere txertatuko ditu.

Aukera hau oso onuragarria izan daiteke kaleko komertzioetarako, alde batetik lortzen da doako zerbitzu profesional bat, negozioaren kalitatezko argazkiak lortzeko. Bestetik, Googleren gune ezberdinetan ikusgai egotea lortzen da.

Oraingoz zerbitzu hau Australian, Zeelanda Berrian, Japonian eta AEBko hiri batzuetan ari dira Googleko argazkilariak. Beraz, Europan zain egon beharko da. Hala ere, laster espero da Europara ere heltzea, beraz hadi egon beharko da.

Webgune honetan ikusi ahal da proiektuari buruzko dokumentazioa eta hirien jarraipena egin:

http://maps.google.com/help/maps/businessphotos/

Internet

Megaworld: Megaupload eta askoz gehiago

MEGAWORLD2Megaupload oso zerbitzu ezaguna da Interneten tamaina ezberdineko fitxategiak gordetzeko. Premium kontuak zerbitzu gehigarriekin eskaintzen baditu ere, dohainik erabili ahal diren oinarrizko kontuak oso ondo daude eta aukera asko eskaintzen dituzte. Izan ere, Megauploadek oinarrizko erabiltzaileei 200GB eskaintzen dizkie, nahi beste fitxategi Interneteko leku honetan gordetzeko, beti ere fitxategia 2GB baino txikiagoa bada. Premium erabiltzaileek, ordea, espazio mugagabea daukate fitxategiak gordetzeko eta fitxategiaren tamainan ere ez dago mugarik. Honez gain, premium erabiltzaileak azkarrago jaitsiko ditu fitxategiak eta ez du publizitaterik jasan beharko. Izena eman gabe ere fitxategiak deskargatu daitezke, baina ezin dira igo. Kasu honetan, fitxategiak jaisteko abiadura doako erabiltzaile erregistratuarena baino motelagoa da eta publizitate gehiago ere jasotzen da.

Megaworld

Megaupload zerbitzuaren sortzaileek Megaworld atera berri dute. Izen eta webgune horren azpian, http://megaworld.com, Megaupload ez ezik beste hainbat zerbitzu on-line eskaintzen dituzte. Guztietan doako zein ordainpeko kontuak daude, gainera, logikoa den bezala, erabiltzaile berdina mantentzen da kontu guztietarako. Horrela, Interneten fitxategiak gordetzeko zerbitzu ezberdinen artean berezia izatea lortu du.

Zerbitzurik interesgarrienak

Megavideo da eskaintzen duten zerbitzuetariko bat. Zerbitzu honen bitartez bideoak igo eta streamingean ikusi daitezke, Youtuben bezala. Gainera, HTML kodigoa ere eskaintzen du bideoa edozein webgunetan txertatzeko. Kalitate handiko bideoak onartzen ditu eta bideoen iruzkinak egin ahal dira edo gogokoen artean gorde. Hau da webgunea: http://www.megavideo.com/.

Megalive zerbitzuaren bitartez bideo zuzenean igorri ahal da Interneten bidez, bai era publikoan bai era pribatuan, gainera txat gela bat eskaintzen du emisio bakoitzeko. Kasu honetan ere HTML kodea ere eskaintzen du zuzeneko igorpena edozein webgunetan txertatzeko. Zerbitzua ikusteko http://www.megalive.com/ webgunera joan daiteke.

Megabox zerbitzuak norberaren musika fitxategi guztiak igotzea eta Interneten bitartez edonon eta gailu ezberdinetatik entzutea ahalbidetzen du, gainera erreprodukzio-zerrendak ere kudeatu ahal dira. Megaboxen bitartez musika on-line ere eros daiteke. Hau da zerbitzuaren webgunea: http://www.megabox.com/.

Megapix zerbitzuaren bitartez igo ahal dira argazkiak eta album ezberdinak sortu zein partekatu. Gainera argazkiak erosi eta saldu ahalbidetzen du, era honetan, profesional batek bere argazkiak saldu ahal ditu on-line. Hala ere, Flash gehiegi erabiltzen da zerbitzu osoan orokorrean eta beraz, Flickr baino astunagoa eta motelagoa da webgunea. Gainera, norbaitek ez badauka nabigatzailerako flash gehigarri eguneratu bat ezin izango ditu ikusi, sakelako telefono askotatik, esaterako. Megapix zerbitzuaren webgunea hau da: http://www.megapix.com

Beste zerbitzu batzuk

Arestian aipatutako zerbitzuez gain, beste batzuk ere atera dituzte. Besteak beste, Megaclick (http://www.megaclick.com/) Google AdWords eta AdSenseren antzekoa publizitatea jarri ahal izateko norberaren webgunean; Megapay (http://www.megapay.com/) sakelako telefonoaren bidezko ordainketa seguruak egiteko Interneten; Megafund (http://www.megafund.com/) zerbitzu berritzaileak on-line atera nahi dutenentzako laguntza eta zerbitzu ezberdinak.

Laster aterako dutena

Honekin guztiarekin nahikoa ez balitz, ez dira geldituko eta laster zerbitzu berriak ateratzea espero dute. Megamovie eta Megabackup 2011rako ateratzea aurreikusita dago. Lehenengoa, kalitate handiko film eta telesailak saltzeko eta on-line ikusteko merkatua izango da. Bigarrena on-line ziurtasun kopia egiteko sistema izatea nahi dute. Dohainik eskainiko dute kopia egiteko sistema, software librea eta doakoa izango omen den aplikazio batekin. Ez dute espazio mugarik jarriko eta soilik kobratuko dute datuak berreskuratu behar izanez gero. Nolabait, edozein erabiltzailerentzat datu digitalen doako aseguru bat izan nahi du.

Aplikazioak, Segurtasuna

Prey, ordenagailu eramangarria berreskuratzeko aplikazioa lapurtua izanez gero

PreyOrdenagailu eramangarria norbaitek lapurtuz gero faena handia izaten da produktu merke bat ez delako. Hala ere, enpresen zein norbanako askoren kasuan, datuak dira balio delikatuena ordenagailu eramangarria edo sakelako telefonoa norbaiti lapurtzen diotenean.

Bada, badago aplikazio bat Mac Os X, GNU/Linux, MS Windows eta Android sistemetan erabili ahal dena eta lapurreta baten ostean, baliabide ezberdinen bitartez, ordenagailu eramangarria berreskuratzea ahalbidetzen duena. Gainera, doakoa eta software librea da. Prey du izena eta hau da deskargatzeko eta informazioa ikusteko webgunea: http://preyproject.com/.

Aplikazio hau egikaritzen da sisteman bigarren planoan, hau da, ez dago ikusgai leiho bezala. Ordenagailua edo sakelako telefonoa lapurtu diotenean erabiltzaile bati, honek urrutiko kudeaketa sistema baten bitartez gaitu ahal du Prey aplikazioa, beti lapurtutako ordenagailua edo telefonoa piztuta baldin badago. Orduan Prey aplikazioa saiatuko da ordenagailua edo telefonoa geolokalizatzen GPS sistemaren bitartez edo detektatutako wifi sareen bitartez. Gainera web-kamera gaitzea ahalbidetzen du eta horrela lapurrari argazkia atera lekioke. Era berean, saguaren mugimenduak eta mahaigaina ikustea ahalbidetzen du hala nola ordenagailua blokeatzea, beste hainbat aukeren artean.